ZUBIAURRE AGUIRREZABAL, Valentín de
(Madril , 1879  -  Madril,  1963 )
Pintura. Garai (Bizkaia), Madril

Valentín Zubiaurre 1879an jaio zen Madrilen, eta gormutua izan zen jaiotzatik.
Ramón anaiarekin batera, San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ikasi zuen, eta, bertan,
besteak beste, Carlos de Haes, Moreno Carbonero, Antonio Muñoz Degrain eta Alejandro
Ferrant izan ziren bere maisuak. Euren eskutik, hain zuzen ere, akademizismoa eta historiako
pintura ezagutu zituen. Ikasketa horiek amaitutakoan, Herbehereetatik, Frantziatik eta
Italiatik
bidaiatu zuen. 1905-1906an, Parisen, Napolin eta Vienan egon zen, eta modernismoaren
eragina jaso zuen.
Erakusketa Nazionaletan egin zen ezagun, 1917. urteko edizioan lehen domina irabazi zuen-eta.
Nazioarteko arrakasta 1918tik 1936ra iritsi zitzaion, euskal kostunbrismoa gustuko gai bihurtu
zuenean. Dena dela, Gaztelako eta Segoviako paisaiak ere hartu zituen erreferentziatzat,
Ignacio Zuloagaren antzera.
Pintzelada xeheen estilo pertsonalaren bitartez, errealismo biziko irudiak marrazten zituen.
Konposizioko lehen planoan, zeramikazko gauzak, pitxerrak edo frutak jartzen zituen, natura
hilak sortzean trebetasun handia zuela egiaztatzeko.
1945ean, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako akademiko egin zuten, eta, 1957an,
ohorezko domina eman zioten Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, bere lan-ibilbidearen
omenez.
Valentín Zubiaurre Madrilen hil zen 1963ko urtarrilean.