TORRE BERASTEGUI, Quintín de
(Bilbao , 1877  -  Bilbao,  1966 )
Eskultura, Pintura. Paris, Bilbao

Quintín de Torre Bilbon jaio zen, 1877an. Oso gazterik, Arte eta Lanbideen Eskolan sartu zen,
eta, aldi berean, Serafín Basterra eskultorearen tailerrean hasi zen lanean. 1898an,
Bartzelonara joan zen, ikasketekin aurrera jarraitzeko. Hain zuzen ere, garai hartako lehiaketa
eta sariketetan hasi zen margolari gisa nabarmentzen.
1901ean, Bilboko Udalaren pentsio bati eta, ondoren, Bizkaiko Aldundiaren beste bati esker,
Parisera joan zen bizitzera. Aurelio Artetarekin batera, Europako proposamen artistiko berriak
ezagutu zituen, baina, batez ere, Espainiako tradizio eskultorikoa miresten zuen. Bilbora
itzultzean, 1911n, Euskal Artisten Elkartearen sorreran hartu zuen parte, eta, hain zuzen ere,
Elkarteko lehenengo presidentea izatera heldu zen. Gainera, maiz hartzen zuen parte Elkarteak
antolatutako erakusketetan.
Quintín de Torreren ibilbidea intentsitate handikoa da, presentzia publikoari eta enkarguei
dagokienez. Eskulturaz gain, hori baitzen bere jarduera nagusia, horma-irudiak ere egin zituen.
Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletako ohikoetako bat izan zen: 1934koan, bigarren domina
jaso zuen; gainera, 1924ko Veneziako Bienalean eta 1925eko Artista Iberiarren Aretoan hartu
zuen parte, eta, 1955ean, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako akademiko
izendatu zuten.
Bere eskulturan, gai mota guztiak landu zituen: erlijiotik eta erretratuetatik hasi, eta
errealismo sozialeraino. Produkzio oparoa izan zuen: oroitzapenezko monumentuak, oroitarriak,
Aste Santuko pausoak edo bustoak. Denak ere, maisutasun tekniko miresgarriz egin zituen, 1966an
hil zen arte.