DÍEZ ALABA, Mikel
(Bilbao , 1947 )
Pintura, Marrazketa. Bilbao, Menorca

Mikel Díez Alaba Bilbon jaio zen 1947an. Bertan hasi zen artean trebatzen, eta,
gerora, Valentzian dagoen San Carlos Arte Ederren Goi Eskolan eta Madrileko San
Fernandoko eskolan jarraitu zuen. 1972 eta 1973. urteen bitartean Parisera joan zen,
Juan March Fundazioak emandako bekari esker.
Díez Alabak protesta-jarrera erakutsi zuen bere lehen lanetan –70eko hamarkadan–,
gizarte-kritikarako jarrera, eta irudi distortsionatuak erabiltzen zituen begi bistako
ironia zuten egoeretan. 1974tik aurrera, haren margoen norabidea erabat aldatu zen;
abstrakzio espresionistara hurbildu, eta kromatismo gogorra eta indarkeriazko trazuak
erabiltzen hasi zen. 1981ean Menorcara aldatu zen, eta, orduan, paisaiak jaso zuen
Díezen arreta, eta argiaren adierazpena bihurtu da haren margoetako egiazko
protagonista.
Mikel Díez Alabak, bere azken lanetan, heldutasun artistiko sendoa erakutsi du
tradizioaren eta keinu-esplorazioaren artean ezarri duen konpromisoan, eta ikuslea
gonbidatzen du hark ere bere pertzepzio-prozesuan eta prozesu plastikoan parte har
dezan.