APELLÁNIZ LÓPEZ, Jesús
(Vitoria-Gasteiz , 1897  -  Vitoria-Gasteiz,  1969 )
Pintura. Vitoria-Gasteiz, Orio (Gipuzkoa), Zarautz (Gipuzkoa)

Jesús López Apellániz 1897ko irailaren 21ean jaio zen Gasteizen. Jesús Apellániz izenarekin
ezagutzen zuten, eta Ollerieta (Araba) herrian igaro zituen haurtzaroko lehen urteak.
Gasteizeko San José eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta artean ere oso txikia
zelarik, pinturarako interes berezia erakusten hasi zen, aita horren aurka bazegoen ere. Hamabi
urterekin egin zuen lehen erakusketa, Gasteizeko Dato kaleko denda batean.
1911 eta 1913. urteen artean, marrazketa-eskoletara joan zen Arte eta Lanbideen Eskolan, eta
Ignacio Díaz de Olano izan zuen irakasle; aldi berean anaiaren dekorazio-tailerrean egiten zuen
lan, eszenografian bereziki. 16 urterekin Donostiako Victoria Eugenia Antzokia dekoratzen
lagundu zuen.
Lugoko Orfeoi Galiziarrak 1914an antolatutako erakusketan zilarrezko domina eskuratu
ondoren, Jesús Apellánizek Madrilen bere trebakuntza sakontzea erabaki zuen. Hantxe bizi izan
zen lau urtez, San Fernandoko Arte Ederren Akademian eta museoetan ikasten zuen bitartean.
1918an Parisera bidaiatu zuen lehen aldiz, eta hara itzuli zen 1919an soldadutza egin ondoren;
Paris inguruko nobleen egoitza eta jauregietako margolari eta dekoratzaile gisa lan egin zuen.
Lanik gehienek antzinako modeloak interpretatzen zituzten, naturatik edaten zutenak. Egiten
zuen lan eskergaz gain, erretratuak margotzen zituen, eta Pariseko paisaiak marraztu; koadro
horiek 1923an aurkeztu zituen, hiri hartan egin zuen bigarren banakako erakusketan.
1924an lan-eskaintza bat onartu zuen trenbide-materialak eraikitzen zituen Donostiako
eraikuntza-etxe batean delineatzaile gisa aritzeko. 1925ean Laneko Ikuskatzaile izendatu zuten,
eta Tailerreko Buru 1929an.
Jesús Apellánizek lanera joan aurretik eta handik itzulitakoan margotzeko ohitura izaten
jarraitu zuen, goizeko lehen orduan eta iluntzean. Dekorazioan eta altzariak diseinatzen ere
jardun zuen, Parisen ezagututako Art Nouveau espirituari jarraituz.
Alor horretan ospea lortu zuen, eta horri esker, enkargu ugari jaso zituen.
1930ean dimisioa aurkeztu zuen tailerretan, eta Gipuzkoako altzarigintza-enpresarik
garrantzitsuenaren, hots, Arín-Embilen –Orio, Gipuzkoa– proposamena onartu zuen, altzari-
diseinatzaile gisa lan egiteko. Modelo frantsesak egiten zituen, diseinu estilizatuak, Luis
XV, Luis XVI edo Napoleon III.a estilokoak, eta, hala, ugazaben estimua bereganatu zuen.
Jesús Apellánizek margotzen jarraitu zuen, eta erakusketa ugari egiten; gehienek kritikaren
txaloak jaso zituzten. 1935ean, Madrileko Udazkeneko XV. Aretoan parte hartu zuela eta,
Madrileko Margolari eta Eskultoreen Elkarteko kide izateko proposatu zuten, eta, ondoren,
onartu. Arín-Embil enpresako lana utzi, eta buru-belarri pinturan aritzea erabaki zuen. Ordutik
aurrera, Apellánizek koadroak saltzetik lortu zituen baliabideak.
Etapa berri horretarako, Zarautz aukeratu zuen (Gipuzkoa); Zarautzek, Oriok bezala, leku
bikaina eskaintzen zion lanerako. Une hartako egoerak lanean denbora gehiago ematera
behartzen zuen; izan ere, ordutik aurrera geroz eta erakusketa gehiagorekin bateratu behar
zuen lana. Ikusten zituen herrietako paisaiak margotzen zituen, eta toki haietara itzultzen zen
aldian behin; Zaragozara, Madrilera, Bilbora, eta abar.
Zarautzen Apellániz Arte Galeriak inauguratu zituen. Hasieran diru ugari gastatu behar izan
zuen, baina negozioak harrera ona izan zuen, eta aurrerantzean estutasun gutxiagorekin bizi
ahal izan zuen.
1948an Gasteizera aldatu zen, eta, han, gehien maite zuen paisaia margotu zuen, Arabakoa.
Gasteizeko San Migel Elizarako sei mihise handi egiteko enkargua eman zioten, eta 1956an
amaitu zuen enkargua, teilatuaren dekorazioarekin batera. 1954an, Gasteizeko Apellániz Arte
Galeriak ireki zituen, eta, aldi berean, Zarauzko galeriekin jarraitzen zuen uda garaian. Une
hartatik aurrera, lan-jarduera bizi hura mantsotu zuen, eta familiarekin denbora gehiago eman.
1966. urteaz geroztik arteriosklerosia zuen, eta horrek garuneko tronbosia eragin zion. Jesús
Apellániz 1969ko martxoaren 23an hil zen.