BLANCO ORTEGA, Dionisio
(Valle de Trápaga-Trapagaran, Bizkaia , 1927  -  Bilbao,  2003 )
Pintura. Bilbao

Dionisio Blanco 1927ko irailaren 18an jaio zen Trapagaranen.
Gerra Zibilean jaioterririk alde egin, eta Tierra de Yanguasen (Soria) finkatu zen.
Bertan, artzain lan egin zuen. Landako isilune luzeen eta zuriuneen etapa hau behin eta berriro
agertuko da bere pinturan.
Etxean laguntzeko asmoz, 1944an Bilbora itzultzean, igeltsero egin zen, aita bezala.
Bost urte geroago, 1949an, bizkarrezurra hautsi zitzaion lan egiten ari zen aldamiotik erori
zenean. Handik aurrera, lau urte baino gehiago bizkortzen egon ondoren, mugikortasun-arazo
handiak eduki zituenez, lanbidez aldatu eta txikitako bokazioa zen arteari ekin zion.
Prestakuntza artistikoa jasotzeko, hiru urtez joan zen Bilboko Artelan Artistiko Berreginen
Museora, eta, 1957tik 1958ra, Parisen finkatu zen. Orduan, nazioarteko artearekin jarri zen
harremanetan.
Lan gutxi egin zituen, arazo fisiko eta psikiko etengabeak zirela-eta. Hori dela eta, epealdi
batzuetan ez zuen lan egiterik izan. Oso lan figuratibo pertsonalak sortu zituen, eta emozioz
nahiz konpromiso soziopolitikoz beteta zeuden.
Beretzat, idealak adierazteko tresna da pintura, eta benetako egitateak islatzen ditu bere
lanetan: askatasunik ezaren aurkako borroka, langileen baldintza sozialak edo diktadurako
errepresioa. Horrelaxe adierazten du zenbait margolanetan, El proceso de Burgos
lanean, esaterako. Zentsurak, ordea, 1972an Iruñeko Topaketetan egindako Euskal Artearen
Erakusketatik kentzeko agindua eman zuen.
Bere lan guztietako gaia gizakiak dira. Marrazkitik abiatuta, paisaiak erraztu eta azalkeria
kentzen du. Horrez gain, bere pertsonaiek ez dute aurpegirik, eta isil-isilik dabiltza nora
ezean eta bakardadean. Gizakiak ez dira komunikatzen, euren baitan bilduta eta kontzentratuta
daude, ikusleek euren profila edo bizkarra ikusten dute eta atzealdea zuria, biluzia da.
Artista hirurogeiko hamarkadako Euskadiko errealismo sozialarekin egon zen lotuta.
1962. urtetik aurrera, Estampa Popular de Vizcaya-rekin parte hartu zuen, eta 1966an
eratutako Euskal Eskolako Emen taldeko kidea izan zen.
Bere bizitzan zehar, oso erakusketa gutxi egin zituen. Banan-banako lehen erakusketa 1961.
urtean egin zuen, hogeita hamalau urte zituela, adierazpen-heldutasun bete-betean.