ÁLVAREZ MURO, Miguel Ángel
(Tolosa, Gipuzkoa , 1927  -  Donostia,  2011 )
Pintura, Marrazketa. Donostia

Miguel Ángel Álvarez Muro 1927ko maiatzaren 1ean jaio zen Tolosan. 1929an, familia
Donostiara joan zen, eta, orduz geroztik, bertan bizi izan ziren. 1933an, Donostiako
Maristen Ikastetxean hasi zen ikasten, eta, hamahiru urte zituela, bertatik bota
zuten, “marraztu besterik egiten ez zuelako”. Zigortu beharrean, aitak marrazketa-
irakaslea bilatu zion, eta, harrezkero, Ignacio Sánchez Guardamino margolariaren
klaseak hartu zituen. Klaseotan, laminak kopiatzen zituen, batez ere.
Klase horiekin pozik ez zegoenez, 1942tik aurrera, Ascensio Martiarenaren ikaslea izan
zen haren etxe-estudioan. Oso marrazkilari eta fisionomista trebea zen. Gaztetan,
pintura eta era guztietako kirolak (atletismoa, arraunketa, urpeko arrantza,
eskubaloia…) ziren bere funtsezko jarduerak.
1946. urtean, hemeretzi urte zituela, Parisera joateko esan zion Ascensio Martiarenak.
Oso-oso gustuko zuen pintura inpresionista, baina, batez ere, Maurice Utrillorena. La
Grande Chaumière Akademiara joaten zen, eta oso-oso gogoko zituen paisaiak eta emakume
biluziak margotzen zituen. Bidaia horrez geroztik, ia-ia urtero itzuli zen Parisera,
bertako giro artistikoaren berri edukitzeko.
1947an, Donostiara itzuli zenean, Autorretrato eta zenbait erretratu errealista
aurkeztu zituen Artista Hasiberrien XIV. Lehiaketara, eta hamaikagarren saria lortu
zuen. Bi urte geroago, Donostiako Artista Hasiberrien XV. Lehiaketara aurkeztu zen,
eta bigarren saria irabazi zuen.
Helduaro artistiko horretan, Pariseko eta Donostiako paisaiak eta eszena herritarrak
tartekatu zituen. Horrez gain, balio zein onespen handia zeukanez, Gipuzkoako Foru
Aldundiak landa-bizimoduari buruzko mihisea egiteko eskatu zion, eta irudi
sintetizatuz nahiz espazio geometrizatuz osatutako konposizioa sortu zuen.
Lehiaketa eta erakusketetan parte hartu zuen etengabe. Horrela, bada, 1950ean, 
Risueña lana aurkeztu zuen Donostiako Gabonetako I. Lehiaketara. 1965era arte,
gainera, urtero parte hartu zuen lehiaketa horretan, eta, besteak beste, 1955eko
Gabonetako V. Lehiaketako Regoyos saria eta 1958ko Gabonetako VIII. Lehiaketako lehen
saria irabazi zituen.
1951n, Madrileko Erretiro Onaren Jauregian egindako I. Biurteko Hispanoamerikarrean
parte hartu zuen, eta Retrato nahiz Joven cosiendo lanak aurkeztu zituen
bertan.
1953. urtean, Artista Hasiberrien XVI. Lehiaketako lehen saria jaso zuen Montmartre
 lanagatik, eta banan-banako lehen erakusketa egin zuen Donostiako Aranaz Darrás
aretoetan.
1954an, zilarrezko domina eman zioten Alacanteko Diputazioko III. Pintura Lehiaketa
Nazionalean, Vista del Sena lanagatik; eta hirugarren saria, Donostiako
Gipuzkoako Zirkulu Kultural eta Ateneoko Fundazioaren X. Urteurreneko Lehiaketan.
1962an, beste lehen sari bat eman zioten Arte Plastikoen I. Lehiaketa Nazionaleko fase
probintzialean, Konposizioa lan abstraktuari esker.
Frantzian ere egin zen ospetsu, eta, 1960. urtean, Pauko Hiribilduko urrezko domina
jaso zuen Figura con molinillo eta Autorretrato lanengatik. Geroxeago,
erabateko arrakasta erdietsi zuen, Bordeleko XXXVIII. Azokako Espainiako Pabiloirako
egurraren gainean margotutako bi horma-irudiengatik.
Hamarkada horretan, honako eraikin hauetarako horma-irudiak egin zituen Alustiza
arkitektoarekin: eraikin publikoak (Gipuzkoako Industria Ordezkaritza), lantegiak,
bankuak (Tolosako Banco Bilbao), ikastetxeak, elizak (Donostiako San Sebastian
Zaharraren eliza), aisialdi-zentroak (Tolosako Leidor zine-aretoa). Ostean, lantzean
behin baino ez zituen holako lanak egin, eta, portuko sarrerako euspen-horma
apaintzeko asmoz, Gipuzkoako Pasaiako Portuko Batzak agindutako tamaina handiko horma-
irudia nabarmentzen da euren artean.
Bere lan-ibilbidean zehar, Miguel Ángel Álvarez Murok errepertorio zabala bezain
ugaria lortu du, eta era guztietako estiloak bereganatu eta erabili ditu bere lanetan:
biluzietarako Naturalismoa, paisaiarako Inpresionismoa, Neokubismoa, Errealismoa,
Espresionismoa, Abstrakzioa... Bere lanak eragin handia izan du ospe handiko artista
askoren artean: Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Bonifacio Alfonso, Carlos Añibarro
edo José Luis Zumeta. Gainera, erakustaldi publikoak oso gustuko ez dituen arren,
artista maitatu eta miretsienetakoa da Donostiako giro artistikoan.
2011ko martxoaren 24an hil zen Donostian.