GALLEGO RODRÍGUEZ, Jesús
(Valladolid , 1919  -  Donostia,  2003 )
Pintura. Donostia

Jesús Gallego Valladoliden jaio zen 1919an, eta, umea zela, Donostiara joan zen
bizitzera, familia osoarekin. Ospitalean denbora asko eman behar izaten zuenez,
pintatzen hasi zen, modu autodidaktan.
Gerra Zibilean, Frantzian erbesteratu zen, eta, han zegoela, pintatzea eta museorik
garrantzitsuenak bisitatzea zen egiten zuen gauza bakarra. Deportatua izan ostean,
errefuxiatuen esparruetan sartu zuten, harik eta 1942an berriz ere itzuli zen arte
Donostiara.
1945etik aurrera, Ignacio Sánchez Guardaminoren ikasle izan zen, eta, aldi berean,
erakusketak egiten hasi zen Gipuzkoako Elkarte Artistikoarekin. Ondoren, Arte eta
Lanbideen Eskolan matrikulatu zen, Vicente Cobreros Uranga maisu zuela. Donostiako
Udalak eman zion beka bati esker, 1956an Parisera joan zen, eta, han, Chaumière
Akademian hasi zen ikasten, Fauvismoren eta Postinpresionismoaren eraginak jasotzen
zituen bitartean.
60ko hamarkadan, bere pinturak plastikarantz eta eraikuntzarantz jo zuen, materiak
forma dentsoagoa hartu zuen, eta formak sintetizatu egin ziren, geometrizaziora heldu
arte. Une hartan, Gipuzkoako Elkarte Artistikoan, irakaskuntza artistikoari ekin zion,
Ascensio Martiarenaren ordez. Aldi berean, bere lanak Donostiatik kanpora
ezagutarazten hasi zen.
Aintzatespen ofiziala eta publikoarena 80 eta 90eko hamarkadetan heldu zitzaizkion,
bere pintura figuraziora eta kolorismora bueltatu zenean, arlo surrealetik hurbil
dauden konposizioetan.
Ez zenez geldi egotekoa, Jesús Gallegok sekula ez zuen ikerketa piktorikoa albo batera
utzi, eta produkzio handi eta zabala sortu zuen, 2003an hil zen arte.