TXOPITEA GUINDA, Daniel José
(Ermua, Bizkaia , 1950  -  Zarautz, Gipuzkoa,  1997 )
Pintura, Arte grafikoak, Marrazketa, Eskultura. Zarautz (Gipuzkoa)

Daniel Txopitea Ermuan jaio zen 1950ean. Gazte-gazterik nabarmendu zen bere dohain
artistikoengatik, baina ez zuen inoiz prestakuntza akademikorik jaso. 1971n, jarduera
artistikoa bakarrik lantzea erabaki zuen. Europan barna bidaiatu zuen hainbat erakusketa
bisitatuz, bere inguruko zirkulu intelektual eta artistikoetan parte hartu zuen eta literatura
sakon jorratu zuen artikulugile eta arte kritikari legez.
Era berean, artea sustatzeko asmoz, Gorutz taldearekin lan egin zuen, eta Fernando
Beorlegui, Iñaki Larrañaga eta Marino Plazarekin batera, artistaren askatasun sortzailea
aldarrikatu zuen.
Bere pintura-lanetan, naturalismoa du ardatz, ondoren, eraikuntza kubista batera
eboluzionatzeko. Horren bitartez, espresionismoari hurbilduko zaio, bereziki, Amadeo
Modiglianiren pintura aurkitu ostean. Geroago, “errealismo magiko” jakin bat garatu zuen eta,
batzuetan, automatismo surrealistara ere hurbildu zen. Halaber, euskaldunen iraganak eta
kulturak interesa sorrarazi zioten, eta bere lan asko Jose Miguel Barandiaranen
antropologiarekin erlazionatu zituen.
90eko hamarkadan, Jorge Oteizarekin eta bere estetikarekin erlazionatutako bide berri bati
ekin zion. Esperientzia berriak bilatzen zituen, eta, horrenbestez, zantzu neokonstruktibistak
gehitu zizkion bere lanari. Bere lanetan figuraren eta fondoaren gaineko azterketa gero eta
sintetikoagoa antzeman daiteke, kromatismoa pixkanaka-pixkanaka albo batera uzten duen
heinean.
Daniel Txopitea euskal berrikuntza artistikoaren artistarik garrantzitsuenetako bat izan da.
Gazte zendu zen, 1997. urtean. Ondorioz, ezin izan zion amaiera eman sormenez beteriko eta
Euskal Herriko esparru artistiko-kulturalekin lotutako ibilbide arrakastatsuari.