ZULOAGA ZABALETA, Ignacio
(Eibar, Gipuzkoa , 1870  -  Madril,  1945 )
Pintura. Paris, Segovia, Zumaia (Gipuzkoa), Madril

Ignacio Zuloaga Eibarren jaio zen 1870eko uztailaren 26an. Bere aita, Plácido Zuloaga,
damaskinaria eta marrazketa-peritua zen. Semearen lehen prestatzaile artistikoa zenez, Prado
Museoa erakutsi zion. Bertan, Espainiako pinturako maisu handiak ezagutu zituen, kopista
moduan egindako saioetan. 1889an, Erromara bidaiatu zuen, bere prestakuntza osatzeko.
Geroago, Parisen finkatu zen. Henri Gervexek zuzendutako Akademia Librera joan zen, eta
Eugene Carrièrerekin ikasten jarraitu zuen La Palette Akademian. Edgar Degas, Paul Gauguin,
Henri Toulouse-Lautrec eta hirian lan egiten zuten euskal artista eta artista kataluniarrekin
zegoen harremanetan. Euren artean, bere lagun onenetakoak zeuden: Pablo Uranga, Francisco
Durrio eta Santiago Rusiñol. Azken horrekin Italiara bidaiatu zuen 1894an.
Handik aurrera, etengabe bidaiatzen hasi zen, Londres, Eibar eta Andaluziara, besteak beste.
Denboraldi luzeak ematen zituen Segovian, bere osaba Daniel Zuloaga zeramistarekin. Sevillan
ere sarritan egoten zen, eta interes berezia pizten zioten gizon gaztelarrek eta bere lan-
ibilbidean modelo moduan erabili ohi zituen ijitoek. Era berean, zezenketen mundua ere
gustatzen zitzaion. Are gehiago, tauromakiako klaseak hartu zituen, eta zezenketaren batean
parte hartu zuen.
Mendearen amaieran, Parisera itzuli zenean, onespen artistiko sendoa zeukan; izan ere,
ordurako, estatuko eta nazioarteko azoka eta erakusketa ugaritan hartu zuen parte. 1899an,
Valentine Dethomasekin ezkondu eta Madrilen finkatu zen, baina nazioartean erakusketa-
konpromisoak zituenez, sarritan bidaiatzen zuen eta nazioarteko zein estatuko artistekin
zegoen harremanetan. Auguste Rodin bere adiskide mina izan zen, eta 98ko belaunaldiko
ordezkariak ere adiskide izan zituen: Ramón del Valle-Inclán, Miguel Unamuno, Ramiro de
Maeztu, Azorín, Ortega y Gasset... Hain zuzen ere, bere zirkulu sozialekoak ziren.
Bere lanak gero eta helduagoak ziren, eta kolore ilunak zein konposizio trinkoak ziren nagusi.
Gainera, argi-iluna eta trinkotasun materikoa zituen gustuko. Bere esanetan, “izaera” bilatzen
zuen pinturaren bitartez. Majen, nanoen eta toreatzaileen gaiak bat datoz 98ko belaunaldiaren
ikuskerarekin, eta, Velázquez, Goya edo Grecoren tradizioaren arabera sortutako paisaia
espresionistei esker, Espainiako pinturako enbaxadorea izan zen Europan.
1909an, lehen erakusketa egin zuen Amerikan, New Yorkeko Hispanic Societyn, hain zuzen ere.
Bertan, arrakasta handia lortu zuen kritikaren aldetik, eta salmenta bikainak izan zituen.
Amerikako pertsona garrantzitsuak eta aberatsak erretratatzeko enkargu ugari jaso zituen, eta
zenbait erakusketatan parte hartu zuen. Posizio sozial eta ekonomiko ona zuenez, Goyaren
jaiotetxea erosi ahal izan zuen Fuendetodosen (Zaragoza), bai eta Pedraza jauregia ere
(Segovia). Bestetik, Zumaian finkatu zen (Gipuzkoa), gaur egun bere museoa den etxean,
alegia. Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, Ignacio Zuloagak beste bira bat egin zuen Estatu
Batuetatik, eta sekulako ospea lortu zuen Amerikan.
Sari eta onespen ugari jaso zituenez, sasoi hartako artista ospetsu eta handienetakoa izan zen.
1926an, Alfontso XIII.a erregeak haren Espainiako lehen erakusketa ofiziala ireki zuen Madrilgo
Arte Ederren Jauregian, eta, 1931n, Madrilgo Arte Modernoaren Museoko Patronatuko
presidente izendatu zuten.
Harrezkero, bere pintura aldatu egin zen berriro, zeren eta, enkarguen eraginpean ez
zegoenez, bizitasun eta barnetasun handiagoaz egin zitzakeen adiskide eta senideen
erretratuak, bere lan-ibilbidean zehar sarritan margotutako paisaiak eta ordura arte gutxitan
landutako natura hilak. Gerra Zibilak Zumaian, Santiago Etxean, harrapatu zuen, bere pintura
buru-belarri lantzen.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, munduan gertatutako aldaketen ondorioz,
tradizionalismoaren eta espainolismoaren adierazgarri argiak ziren bere margolanak ez ziren
gizarte berriaren gustukoak izan, eta, apurka-apurka, lanok baztertuta geratu ziren.
Ignacio Zuloaga 1945eko urriaren 31n hil zen Madrilgo estudioan.