UCELAY URIARTE, José María de
(Bermeo, Bizkaia , 1903  -  Bilbao,  1979 )
Pintura, Marrazketa. Busturia (Bizkaia), Londres

José María Gabriel Santos de Ucelay y Uriarte Bermeon jaio zen 1903ko azaroaren 1ean, baina,
1909tik aurrera, Bilbon ikasi zuen, bere familia bertara bizitzen joan zelako.
Ingeniaritza, zuzenbidea eta kimika ikasten saiatu zen, eta, horretarako, zenbait
unibertsitatetan matrikulatu zen. Hala ere, pintura zen bere benetako grina. Horrela, bada,
1922an, Parisera bidaiatu zuen, bere jakintza artistikoak sakontzeko. Nabi, fauve eta
postinpresionistekin jarri zen harremanetan, kubismoa zein futurismoa ezagutu zituen eta
ekialdeko munduaren inguruko interesa piztu zitzaion. Hartara, gustu artistiko fin bezain
aparta duen berezko estiloa sortu zuen apurka-apurka.
Gaztetan, Bilbon gertatzen ziren ekitaldi kultural guztietan parte hartu zuen. 1919an egindako
Nazioarteko I. Pintura eta Eskultura Erakusketaren eragina jaso zuen, eta Euskal Artisten
Elkarteko erakusketetan parte hartu zuen. 1925ean, Madrilera joan zen, eta Artista Iberiarren
Elkarteko Lehenengo Erakusketan parte hartu zuen. 1926an, kritikariek goraipatu egin zuten
Bilbon egin zuen erakusketa.
José María Ucelayren pintura xehe bezain garbian, marrazkia eta marra dira nagusi. Izan ere,
errealismotik abiatzen da, irudien inguruko giroaren bidez esparru magiko bezain misteriotsuan
barneratzeko. Kromatismoa maisutasunez bereganatu zuenez, argia zein itzala esperientzia
estetiko bihurtu zituen.
30eko hamarkadan, kolorea eta esparru atmosferikoa aztertu zituen, eta orduantxe egin zuen
Eusko Alderdi Jeltzaleak Bermeon zeukan batzokirako horma-irudi ospetsua (1933).
Gerra Zibilean, Euzkadiko Gobernuko Arte Ederretako zuzendari izendatu zuten; eta, 1937an,
Espainiako Pabiloiak Parisko Nazioarteko Erakusketan zeukan Euzkadiko Ataleko komisarioa
izan zen. Harrezkero, erbesteratu egin zen, eta Manuel de la Sotarekin sortu zuen Eresoinka
talde artistikoa. Margolariak, hain zuzen ere, taldearentzako jantziak eta eszenografiak
diseinatu zituen.
1939an, jatetxeak itsas elementuez apaintzeko zenbait enkargu jaso zituen Londresetik.
1949. urtera arte egon zen bertan, eta, itzultzean, Busturia eta Madril artean bizi izan zen.
Lehenengo leku horretan, margotu egiten zuen, eta, bigarrenean, erakusketetara joan eta
antzinako lagunekin elkartzen zen.
Krisi pertsonal etengabeak eta zailtasun artistikoak zituenez, 1969an, José María Ucelay behin
betiko sartu zen familiak Busturian zeukan antzinako Chirapozu etxean. Bere azken
etapan, astoarekin egindako pintura landu zuen, batez ere, eta Bilboko erakusketa handienetan
parte hartu zuen, harik eta 1979ko Gabon egunean hil zen arte.