GAL ORENDAIN, Carmen  [GAL, Menchu] 
(Irun, Gipuzkoa , 1918  -  Donostia, Gipuzkoa,  2008 )
Pintura, Akuarela, Arte grafikoak. Madril, Irun (Gipuzkoa)

Menchu Gal Orendain Irunen 1918ko urtarrilaren 7an jaio zen . Ume-umetan, marrazten hasi zen
Gaspar Montes Iturriozekin, eta Parisera joatea gomendatu zion, bertan hasiera eman ziezaion
prestakuntzari. Amédée Ozenfant akademian matrikulatu zen, Fernand Léger ezagutu zuen eta oso-
oso gustuko zuen Henri Matisseren pintura.
Itzultzean, 1935ean, Madrilera joan zen, eta San Fernandoko Arte Ederretako Goi Eskolan
Aurelio Arteta izan zuen irakasle. Aldi berean, Marisa Roesseten tailerrera ere joaten zen
sarritan. Kolorearen lilurapean, Cezánneren fauvismotik eta konstruktibismotik hurbil zegoen
pintura garatu zuen.
40ko hamarkadan, Benjamín Palencia, Cossío, Rafael Zabaleta, Díaz Caneja... ezagutu zituen,
eta Madrileko Eskolarekin jarri zen harremanetan. Behin betiko finkatu zen hiriburuan, eta,
bertan, enkarguko erretratuak egiten hasi zen. Aldi berean, korronte artistiko berritzaile
gaztean parte hartu zuen. Bere lanak espresionistagoak ziren, eta keinuak zein erabilera
materikoa nabarmentzen zituen. Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletara joaten zen sarritan,
eta, 1959an, Pintura Sari Nazionala jaso zuen.
Bidasoako margolariekin batera, Daniel Vázquez Díazen pinturara hurbildu zen, eta iparraldeko
paisaia izan zen bere gai gustukoena. 70eko hamarkadatik aurrera, bere lanek abstrakziorantz
jo zuten, pintzelada ahaltsu bezain indartsuaren bitartez. Bere goraldia izan zen, eta, garai
horretan, jendaurreko agerpen ugari egin zituen. Bere lan-ibilbidean, zeresan handia izan zuten
nazioarteko eragin eta harremanek, bai eta espiritu arduratsu bezain progresistak ere. Menchu
Galek, hain zuzen ere, leku nabaria eduki du betidanik Euskadiko abangoardia artistikoan.