CABANAS ERAUSKIN, Juan
(Asteasu, Gipuzkoa , 1907  -  Lima,  1979 )
Pintura. Donostia, Lima

Juan Cabanas Erauskin, Ángel Cabanas Oteizaren semea, Asteasun jaio zen (Gipuzkoa)
1907an. 1924tik aurrera, trebakuntza artistikoa jaso zuen San Fernandoko –Madril– Arte
Ederren Eskolan, eta Paris eta Erroman egin zituen egonaldietan.
Hastapenetan, Surrealismoaren eragin argia nabari zitzaion, abangoardiarekin izan zuen
harremanaren ondorioz; are gehiago, surrealismotik edaten zuen literatura-obra idaztera iritsi
zen, La señora de las cuatro izenburukoa. Denboraldi hartan eginiko lan guztiak
suntsitu ondoren, paisajismoan jardun zuen, eta, alor horretan, bere ibilaldi luzeetan ezagutu
zituen paisaia eta tokiak erreproduzitu zituen, teknika landua erakutsiz.
Gerra Zibilean zehar, lan ugari egin zituen kartelgile gisa, eta Propaganda Buruzagitzako Lan
Plastikoen Saileko buru izendatu zuten.
Gerra amaitutakoan, Amerikan zehar bidaiatu zuen, eta, bertan, hainbat erakusketa egin
zituen; azkenean, Perun jarri zen bizitzen behin betiko, 1954an. Han, erlijiozko horma-irudiak
egiteko enkarguak jaso zituen, eta, aldi berean, arte-irakaskuntzako tailer bat sortu zuen.
70eko hamarkadan Encuentro con el Perú Prehispánico izeneko seriea erakutsi zuen,
eta, hala, jendaurrean ezagutzera eman zuen Euskal Herrian eginiko irudigintza-lana. Berriro
ere Limara itzuli zen bere lanetan jarraitzeko, eta azkenean, 1979an hil zen.