CHILLIDA JUANTEGUI, Eduardo
(Donostia , 1924  -  Donostia,  2002 )
Eskultura, Marrazketa, Arte grafikoak. Donostia

Eduardo Chillida Juantegui Donostian jaio zen 1924an. Arkitektura ikasi zuen Madrilen, eta
Real Sociedad futbol-taldeko atezain nabaria izan zen; dena dela, belauneko lesioa izan
zuenez, kirol hori egiteari utzi behar izan zion.
1947an, Madrileko Arte Ederren Zirkuluan hasi zen marrazten, eta José Martínez Repullésen
eskultura-tailerrean sartu zen, arkitekturako ikasketak alde batera utzita.
Parisera joan zen, eta bertan bizi ziren artista espainiarrekin jarri zen harremanetan: Pablo
Palazuelo eta Eusebio Sempere. Louvreko museoan ikusi zuen eskultura greziar arkaikoak
liluratuta utzi zuenez, igeltsuzko lehen piezak egin zituen, eta euren bolumenak argiak bezain
soilak ziren. Bere lanak Pariseko Maiatzeko Erakusketen eta bertako erakusketetan parte
hartzeko aukeratu zuen Maeght Galeriaren bidez eman zituen jakitera.
1951n, Euskadira itzuli zenean, saiakuntzak egin zituen burdinaren bitartez. Izan ere, euskal
landa-ingurunea gogora dakarkiguten pieza sinbolikoak sortu zituen Hernaniko Illarramendi
sutegian (Gipuzkoa). 1954an, Oñatiko Arantzazu basilikan parte hartu zuen (Gipuzkoa), burdina
forjatuzko lau ateren bitartez. Aldi berean, aldaketa berriak gertatu ziren bere eskulturetan.
Gainazalen eta bolumenaren deskonposizioa abiapuntutzat hartuta, Yunques de sueños
seriea garatu zuen. Bertako egurrezko idulkia, gainera, erabat txertatzen da piezan, harik eta
bertako osagaia izan arte.
Eduardo Chillidak toki-tradizioari eusten zion, eta euskal arteko ordezkari onenetakoa zen
nazioartean. Munduko onespena 1958an hasi zen, Veneziako XXIX. Biurtekoan Nazioarteko
Eskultura Saria eta Chicagoko Graham Fundazioko saria lortu zituenean.
Grezian nahiz Italian zehar bidaiatu zuen, eta argiaren zein arkitekturaren inguruko interesa
berreskuratu zuen. 60ko hamarkadatik aurrera, etapa berriari eman zion hasiera bere
sorkuntza-lanean, material berriak erabiltzen hasi zen (egurra, altzairua eta alabastroa) eta
lehen akuaforteak egin zituen.
José Antonio Fernández Ordóñez ingeniariaren laguntzarekin, hormigoiaren aukerak aztertu
zituen, eta, 1973an, eskala handiko lehen lana egin zuen material horrekin, Lugar de
encuentros III, alegia; eta Madrileko Castellana pasealekuan eseki zuten. Juan Artigas
semeak zeramikaren jakintzan sartu zuen, baina, batez ere, lur txamotaren arloan. Izan ere,
lurras ospetsuak egin zituen terrakotaz.
1988an, paperezko gravitaciones erakutsi zituen Madrilen. Oso kontzeptu eskultoriko
berritzailea izan ziren, eta, erliebea lortzeko, harien bidez lotuta independente jarraitzen
duten planoak ezartzen dira. Une hartan, granitozko zenbait lan ere egin zituen. Eduardo
Chillidarentzat, materiala bera zen eskulturaren sortzailea, eta, horren bitartez, espazioa,
hutsunea eta muga irudikatu nahi zituen, hau da, bere hiru kezka artistiko nagusiak.
Estatuko eta nazioarteko leku publiko ugaritan daude ikusgai eskulturagile honen eskala
handiko piezak. Artistarentzat, funtsezkoa zen euren kokapena, ikusleei dimentsioaz gozatzeko
aukera eskaintzen dieten espazioak sortu nahi baitzituen.
1977an, Peine del viento Donostiako Ondarretako pasealekuan jarri zuenean, Luis Peña
Ganchegui arkitektoaren laguntza jaso zuen, gizakien, lanaren eta naturaren arteko
elkarrizketa-gunea sortzeko.
1996an, Espacio para todos los hombres proiektua aurkeztu zuen Fuerteventuran.
Proiektu horretan, Tindayako mendi sakratua zulatu nahi zuen, barruko hutsunetik eguzkia,
ilargia eta zeruertza bilatzeko.
Gaur egun, Eduardo Chillidaren lan artistikoa XX. mendeko bigarren zatiko arte plastikoen
ordezkari gorenetakoa da. Eskulturagile honek, hain zuzen ere, hainbat eta hainbat
erakusketatan parte hartu du Estatuan zein nazioartean, eta munduko museo nahiz bilduma
ospetsuenetan daude bere lanak.
Ezin konta ahala sari jaso ditu onespentzat. Euren artean, Frantziako Arteen Sari Nagusia,
1984an; Israelgo Parlamentuko Ricardo Wolf Saria; Euskal Herriko Unibertsitateko Urrezko
Domina; eta  Asturiaseko Printzearen Arteetako Saria, 1987an.
1994an, Madrileko San Fernandoko Arte Ederren Akademiako ohorezko kide izendatu zuten.
2000. urtean, Chillida-Leku Museoa ireki zenean, artistaren ametsa bete zen, bere lanen
erakusketa iraunkorra egin nahi baitzuen lanen neurrira sortutako eremuan.
Eduardo Chillida Donostian hil zen 2002ko abuztuaren 19an.
Gaur egun, Eduardo Chillida Fundazioak eta Chillida-Leku museoak batera egindako lanari
esker, artista unibertsal honen bilakaera eta ibilbidea miresteko aukera aparta dugu.