FLORES KAPEROTXIPI, Mauricio
(Zarautz, Gipuzkoa , 1901  -  Zarautz, Gipuzkoa,  1997 )
Pintura, Marrazketa. Zarautz (Gipuzkoa), Madril, Elgeta (Gipuzkoa), Buenos Aires, Mar del Plata (Argentina)

Mauricio Flores Kaperotxipi Zarautzen (Gipuzkoa) jaio zen 1901ean. Umetan, bertako pintore
Lucio Urbinaren eskoletara joan zen, Goyeneche dukesa eta Guaqui kondea haren babesle
bihurtu ziren arte. Haien laguntza ekonomikoari esker, 8 urtez Madrilen izan zen José María
López Mezquitaren ikasle gisa, eta Frantzian, Italian, Belgikan, Holandan eta Espainiako
hainbat hiritan egon zen harekin batera.
30eko hamarkadan, maiz erakutsi zuen Amerikan bere lana; arrakasta eta ospe handia lortu
zituen. Gerra zibila hasi zenean, Buenos Airesera erbesteratu zen, eta margotzen jarraitu zuen.
Arte-galeria bat zabaldu zuen eta Buenos Aireseko La Razón egunkarian kritikari gisa
aritu zen. Euskal artea hedatzeko lan garrantzitsua egin zuen literaturaren esparruan: 1947an,
Artistas vascos y no vascos argitaratu zuen, 1954an, Arte vasco eta, 1963an,
Vida, obra y anécdotas del pintor Pablo Uranga.
Bere pintura-lanak, izaera akademikokoak eta kolore argikoak, gai herrikoietan eta euskal
lanbideetan oinarritzen dira. Gizakiak erabateko protagonismoa hartzen du, batez ere, gorputz
erdiko erretratuetan.
1974an, Mauricio Flores Kaperotxipi Europara itzuli zen; lehenengo, Donibane Lohizunera
(Frantzia), eta, 1983an, bere jaioterrira, Zarautzera. Bertan hil zen 1997an. Ibilbide
artistiko zabalean, prestigio nabaria lortu zuen, batez ere, Amerikan; izan ere, euskal
pinturaren enbaxadoretzat har dezakegu. Erakusketa asko egin zituen eta aipamen ugari jaso
zituen. Gaur egun, hainbat bilduma pribatutan eta museotan aurkitu ditzakegu bere lanak.