HERRERO MARTÍNEZ DE NANCLARES, María Purificación  [HERRERO, Mari Puri] 
(Bilbao, Bizkaia , 1942 )
Pintura, Arte grafikoak, Marrazketa. Bilbao (Bizkaia)

Bilbon jaio zen 1942an. Hasiera batean, Ascensio Martiarenak Donostian zeukan tailerrean hasi
zen ikasketa artistikoak egiten. Bertan, ezin hobeto marrazten ikasi zuen.
1958an, Madrilera joan zen, Arte Ederretako Zirkuluan eta Pradoko Museoan marrazketa eta
pintura klaseak jasotzeko. Hiriburuan bizi izan zen lau urteetan, linolioa eta akuafortea ere
ikasi zituen Dimitri Papageorgiuren eta Enrique Ortizen tailerretan, hurrenez hurren. Pintura
eta grabatua lantzen zituenez, 1966an Holandara joan zen, Bizkaiko Aldundiak eta Holandako
Gobernuak emandako bekari esker. Bertan, bere ikasketak osatu zituen Amsterdameko
Rijksakademien.
1969tik 1971ra, Parisen finkatu zen, eta ikuspegi sinbolistatik interpretatu zuen korronte
figuratiboa bereganatu zuen. Bilbora itzuli zenean, hainbat erakusketa egin zituen Espainiako
nahiz Europako zenbait hiriburutan, eta euskal kultura artistikoko artista ospetsuenetakoa izan
zen. 1978an, Marijaia sortu zuen, Bilboko Aste Nagusiko irudi adierazgarria, alegia.
Zenbait arlo artistiko landu eta ikertu dituen arren, maisutasunez nabarmendu da pinturan,
sustrai inpresionistako pintzelada solteari esker; bai eta grabatuan ere, bere premia
plastikoen arabera erabilitako teknika desberdinen bitartez (akuafortea, linolioa,
xilografia…).
Bere lanetan, Mari Puri Herrerok mundu kilikagarria islatzen du, eta, bertan, errealitatea eta
fantasia nahasten dira. Bere marrazkia eta kolorea apartak dira, konposizioa orekatua da eta
irudimen ikaragarria dauka. Horri esker, ikonografia pertsonala sortzen du, eta, hari eroalea
izango balitz bezala, behin eta berriro interpretatu du bere lan-ibilbidean. Irudizko izaki
arketipikoz beteta daude artistak poesiaren zein fabulazioaren unibertsoa eskaini nahian
asmatutako eszenatokiak eta paisaiak.