CÁRDENAS DÍAZ DE ESPADA, Marta
(Donostia-San Sebastián, Gipuzkoa , 1944 )
Pintura, Arte grafikoak. Madril, Bidania (Gipuzkoa)

Marta Cárdenas Donostian jaio zen 1944ko irailaren 5ean. 1959an hasi zen margotzen
Donostiako Arte Elkartean. 1963 eta 1968. urteen artean, San Fernandoko Arte Ederren
Goi Eskolan ikasi zuen, Madrilen, eta 1969an, Parisera aldatu zen, Frantziako
gobernuak emandako beka bati esker.
Urte hartan bertan ohorezko aipamena jaso zuen IV. Euskal Pinturako Sari Nagusian, eta
lehen saria Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak eta Unidad egunkariak
antolatutako Gipuzkoako Emakume Margolarien lehiaketan.
Zaletasuna oso goiz etorri bazitzaion ere, 1970. urtean egin zuen bere banakako lehen
erakusketa, Donostiako Huts Galerian eta Bilboko Grises Galerian. Hortik aurrera,
beste hainbat erakusketa egin zituen, eta hainbat azokatan parte hartu; hala nola,
Arteder'81 eta Arco'01 azoketan.
1979tik aurrera, aldaketa nabarmendu zen Marta Cárdenasen margoen norabidean.
Aurreko lanetan aurki zitekeen ñabarduraz betetako irudigintza iluna desagertu, eta
aire librean margotutako paisaiak agertu ziren, une bakoitza zein iheskorra den
erakusten zutenak, eta argiaren eta kolorezko orbanen bidez naturako formak taxutzen
zituztenak.
Gerora, ibilbide artistiko hark beste bilakaera bat izan zuen, eta paisajismo
intimistara hurbildu zen, non elementu osagaiak ahalik eta gehien murriztu baitzituen,
eta, aldiz, tonuen zorroztasuna eta fintasun kromatikoa areagotu. Horixe bera utzi
zuen agerian haren leloak: “margoan, ekonomia handiena; kolorean, aberastasun
handiena”.
Haren azken lanak 1996ko udazkenean Indiara egindako bidaia batek markatu zituen;
bidaia hartan ohartu zen ordura arte kolorearekin bizi izan zuena ez zela ezer
herrialde hartan kolorea erabiltzen zuten moduaren aldean.
Betidanik ohituta egon zen kolore naturalekin lan egitera, baina, une hartan, inguruko
ikusizko egoeratik urrun zeuden koloreekin lan egin behar izan zuen, eta, horretarako,
kolore-konbinazio bakoitzerako tratamendu desberdina behar zuen.
Erreferente bikoitza du, beraz, Marta Cárdenasen lanak; batetik, inpresionismoa eta
unea harrapatzeko naturan zuzenean bizi duena, eta, bestetik, Zen filosofia. Lehenago
ere, filosofia hori interesgarri egin zitzaion berrogeita hamarreko hamarkadako
espresionismo abstraktuari, hots, ustekabeko ekintza gisa ulertutakoari. Horrek
guztiak adierazpen-sentikortasun bikaina ematen die Cárdenasen zertzeladei.
2004ko martxoan Pintura y diseño en un mismo cauce izeneko tailerra eman zuen
Bilbao Arten, eta, bertan, koloreak eskaintzen dituen adierazpen- eta estetika-aukerez
hitz egin zuen.