ARTETA ERRASTI, Aurelio
(Bilbao, Bizkaia , 1879  -  México,  1940 )
Pintura. Bilbao (Bizkaia), México

Aurelio Bibiano Arteta y Errasti Bilbon jaio zen 1879ko abenduaren 2an, eta
Barbastroko (Huesca) Eusebio Arteta Labradorren eta Bilboko Petra Errasti Zabalaren
semea zen.
1893an, Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan hasi zen ikasten, baina 1894an, aitaren
lana zela-eta familia guztia joan behar izan zen Valladolidera. Bertan, bere
prestakuntza artistikoari eutsi zion. Valladolideko Arte eta Lanbideen Eskolan sartu
zen, eta José Martí y Monsóren ikaslea izan zen. Izan ere, grabatuaren teknika
irakatsi zion, eta ordenantza gisa lan egin zuzen Miño argitaletxean.
1898an, Madrilera iritsi zen, eta ikasle libre moduan matrikulatu zen San Fernandoko
Arte Ederren Eskolan. Lehenengo mailan, lehen marrazketa-domina irabazi zuen, eta
Madrileko Arte Ederren Zirkuluko ohorezko ikasle izendatu zuten. Era guztietako
lanbideetan lan egin zuen, bizi eta ikasi ahal izateko: brotxa lodiko pintorea,
grabatuetako uki-emailea, litografoa, egunkari zein moda-aldizkarietako marrazkilaria
eta Errege Antzokiko konpartsa.
1902tik 1906ra, Bizkaiko Diputazio Probintzialak Bizkaiko lantegi bateko lan-
istripua lanagatik eman zion bekari esker, Parisen finkatu zen. 1903an, bekadun
moduan egindako lanak erakutsi zituen Bilboko Elkarte Filarmonikoan, eta aldundiari
eman zizkion dohaintzan, bekagatik eskerrak eman nahian.
1906. urtearen amaieran, Belgikan eta Italian zehar bidaiatu ondoren, Bilbora itzuli
zen. Pariseko eta Italiako esperientziei esker, bere estilo pertsonala eratzen hasi
zen. Lehen estudioa jarri zuen Bilboko Uribitarteko kaietan, eta, ondoren, Ibáñez de
Bilbao kalean. Bere banan-banako lehen erakusketa egin zuen Bilboko Delclaux Aretoan.
Hurrengo urteetan, Aurelio Artetak lan oparoa egin zuen margolari, litografo,
kartelgile eta liburu, aldizkari zein egunkarietako ilustraziogile moduan. Bilbotar
ospetsuen erretratu-eskaerak eta gai kostunbristako lanen eskaerak jasotzen hasi zen.
1911n, Bilboko Euskal Artisten Elkarteko bazkide sortzailea izan zen, eta
elkartearekin zenbait erakusketa kolektibo egin zituen Bilbon, Eibarren (Gipuzkoa),
Madrilen, Zaragozan eta Bartzelonan. Euskal Artisten Elkarteak Bilboko Elkarte
Filarmonikoan egindako Arte Modernoaren Lehen Erakusketan parte hartu zuen.
1913an, Eva arratiarra lana egin zuen Sociedad Bilbaina elkartearentzat. Bi
urte geroago, Natividad Villarrealekin ezkondu zen, eta lehen semea eduki zuen,
Aurelio Arteta Villarreal, alegia. Natividad Madrilen hil zen 1921ean.
1916. urtetik aurrera, zenbait erakusketatan parte hartu zuen; esate baterako, Euskal
Artisten Elkarteak Madrileko Erretiro Onaren Jauregian antolatutako erakusketan.
Bertan, hain zuzen ere, Arrantzaleak lana aurkeztu zuen Aurelio Artetak.
1918an, Marinela eta Ondarroa lanak aurkeztu zituen Eusko Ikaskuntzak
Oñatiko Unibertsitatean egindako lehen biltzarra zela-eta antolatutako erakusketan.
1919an, bi mihise, Mirentxu eta Ontzien agurra, bidali zituen Pariseko
Arte Garaikide Espainiarraren Erakusketara, eta, Juan de la Encinaren esanetan,
"Artetaren bi lan onenak dira".
Urte bereko udan, Bilboko Albia Lorategietan egin zen Nazioarteko Lehen Pintura eta
Eskultura Erakusketa, eta Aurelio Artetak Pariseko erakusketarako lagatako bi oihalak
aurkeztu zituen bertan.
Hogeiko hamarkadan, ikuspegi kritiko eta sozialetik egin zen entzutetsu. Londreseko
Royal Academyn egindako Pintura Espainiarraren Erakusketan, Naufragoak lan
sinboliko zein adierazgarria aurkeztu zuen.
Garai hartan, kubismoaren zenbait ezaugarri barneratu zituen, eta bere sasoian Vázquez
Díazek Madrilen edo Sunyerrek Bartzelonan izandako zeregin bera eduki zuen Euskadiko
eszena artistikoan.
Ricardo Bastida arkitektoak eskatuta, Madrileko Banco de Bilbaoko biribilgunerako
horma-irudia egin zuen. Horma-irudi hori 1923an amaitu zuen, eta lan-munduari buruzkoa
da erabat. Horma-pintura horiek distira berreskuratu dute, 2003ko maiatzean egindako
zaharberrikuntzaren ondoren.
1924an, Bilboko Arte Modernoaren Museoko zuzendaritza onartu zuen, eta 1927an utzi
zuen kargua. Artista Iberiarren Elkarteak 1925ean Madrileko Erretiro Onaren Jauregian
antolatutako lehen erakusketan parte hartu zuen.
1928an, bigarren horma-konposizioa egin zuen, era arkitektonikoan Ricardo Bastidak
egindako Logroñoko seminarioko absidea, alegia. Lan horretan, gaia zein beste
baldintzatzaile batzuk inposatu zizkiotenez, eragin handia izan zuten lanaren
betearazpenean, eta friso sinbolista bezain klasizista sortu zuen.
1929an, bere modeloa izandako Amalia Barredo Ezquerrarekin ezkondu zen, eta bigarren
semea zen Aurelio Arteta Barredo izan zuen.
1932an, Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko lehen domina lortu zuen
Itsasgizonak lanagatik. Lan horrek, hain zuzen ere, Veneziako 19. Biurtekoan
parte hartu zuen. 1936an Pinturaren Lehiaketa Nazionaleko lehenengo saria jaso zuen
Bainulariak lanagatik.
Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Madrilen zegoen, eta Pinturako Goi
Eskolako marrazketa-irakaslea zen. Ondoren, Valentziara joan zen, zenbait jarduera
kulturaletan parte hartzeko, eta, bertatik, Bartzelonarantz abiatu zen. Bolada batez
Parisen egon ondoren, Miarritzen finkatu zen (Frantzia), eta Espainiako Gerra Zibileko
hondamendiei buruzko pintura-serie fin eta onenetakoa egin zuen: Herriaren
ebakuazioa eta Gerrako triptikoa.
Azkenik, 1939an, Mexikorantz itsasoratu zen. Bertan, pintura lantzen jarraitu zuen,
eta etnografiarekin zein folklore indigenarekin nahastu zituen euskal gaiak.
1940ko azaroaren 10ean hil zen Mexikon, tranbia-istripu batean.