ZUBIAURRE AGUIRREZABAL, Ramón de
(Garai, Bizkaia , 1882  -  Madril,  1969 )
Pintura. Garai (Bizkaia), Madril

1882an jaio zen, eta, Valentín anaia bezala, gormutua izan zen umetatik.
Bere prestakuntza artistikoa Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan garatu zen, eta,
bertan, besteak beste, Carlos de Haes eta Antonio Muñoz Degrain izan ziren bere irakasleak.
Irakaskuntza horren eraginez, paisajismo naturalista akademikorantz jo zuen bere estiloak.
Hasierako etapan, bere lana eta bizitza bere anaia Valentínenak oso hurbilak izan ziren. Biek
gai kostunbrista garatu zuten oso-oso antzeko estiloan, eta, bertan, Ignacio Zuloaga eta
modernismoa hartu zituzten erreferentziatzat. Parisera eta Italiara bidaiatu zuten, eta
erakusketa nazionaletan parte hartu zuten. Bertan, gainera, 1904tik 1910era, edizio askotan
saritu zuten Ramón.
1912an, Holandara joan zen, eta bere estiloak fauveen antzeko espresionismo kromatikorantz
jo zuen. Teknika soil bezain zuzenaz, ironia handiz irudikatzen zuen euskal gizartearen
benetako funtsa, eta bere konposizioetan agerikoa da orduko japonismoa zuela gustuko.
Handik aurrera, tradizioa eta abangoardia nahastu zituen bere lanetan.
Gerra zibilean, aszetismoz eta espiritualtasunez betetako marrazkiak baino ez zituen egin.
Gerra amaitutakoan, Amerikara joan eta hamar urtez bizi izan zen bertan. Garai hartan,
Buenos Aires, Santiago (Txile), Lima eta beste leku askotan egindako erakusketetan erakutsi
zituen bere lanak.
1951n, Espainiara itzuli zen. Bere ibilbideari eta estilo bereziari eutsita, erakusketetan
parte hartzen jarraitu zuen, harik eta 1969an Madrilen hil zen arte.