URANGA DÍAZ DE ARCAYA, Pablo
(Vitoria-Gasteiz , 1861  -  Donostia,  1934 )
Pintura. Paris, Elgeta (Gipuzkoa), Vitoria-Gasteiz, Donostia

Pablo Uranga Gasteizen jaio zen 1861ean. Familiako inguruabarrak direla-eta, bizileku-aldaketa
ugari jasan behar izan zituen haurtzaroan. Gasteizen hasi zen ikasketa artistikoak egiten, Arte
Eder eta Lanbide Eskolan, hain zuzen ere. Gero, Jerez de la Fronterara (Cádiz) joan zen Santo
Domingo Akademian ikastera. 1884. urtean, ordea, Madrilen amaitu zuen, San Fernandoko Arte
Ederretako Eskolan. Bien bitartean, Pradoko Museora joaten zen, Espainiako maisu handien
lanak kopiatzeko: Velázquez, Goya eta El Greco.
1888an, Francisco Durriorekin joan zen Parisera, eta, bertan, nagusi zen abangoardian parte
hartu zuen bere adiskide-taldearekin batera. Horien artean, artista ospetsuak zeuden; esate
baterako, Santiago Rusiñol eta Ignacio Zuloaga. Azken horrekin, gainera, harreman sendo
bezain iraunkorra ezarri zuen.
XX. mendearen hasieran, Euskadira itzuli zen, eta Elgetan finkatu zen, nahiz eta Bilboko eremu
artistiko eta kulturalean mugitzen zen. 1906an, Gasteizen finkatu zen, eta 1916ra arte egon zen
bertan. Goraldi artistiko handieneko etapa izan zen, eta enkargu handiak jaso zituen.
Bilborekin zuen harremanari eutsi zion, eta zenbait erakusketatan parte hartu zuen. Era
berean, Euskal Artisten Elkarte sortu berriko idea ere izan zen. 1918an, berriro aldatu zen
etxebizitzaz, eta, orduan, Donostiara oan zen. Arlo artistikoan, ordea, Bilborekin lotuta
jarraitu zuen.
1924an, Ignacio Zuloagak AEBetara eta Kubara bidaiatzeko esan zion. Bidaia oso ona zan zen
bientzat, baina Pablo Urangak itzultzea erabaki zuen. Gipuzkoara itzuli zenean, bizitza
publikotik aldendu zen, eta, etxean sartuta, zenbait erakusketatarako lanak bidali zituen giro
artistikoarekin harremanetan jarraitzeko, harik eta 1934an hil zen arte.
Pablo Uranga artista independentea dela eta berezko estiloa duela esan daiteke. Bertan,
gainera, zeresan handia du Espainiako eskolaren tradizioak, abangoardiari eta, batez ere,
inpresionismoari buruzko aipamenak eta erreferentziak ohikoak diren arren.
Bere lan-ibilbidean zehar, ia-ia genero piktoriko guztiak landu zituen, eta honako hauexek izan
zituen gogokoenak: paisaia, eszena kostunbristak eta historikoak, erretratuak eta zezenen
gaiak.