ASCUNCE ELÍA, José María
(Beasain, Gipuzkoa , 1923  -  Iruña, Nafarroa,  1991 )
Pintura. Corella (Nafarroa), Iruña (Nafarroa)

José María Ascunce Elía Beasainen jaio zen 1923ko irailaren 14an, eta Uharteko
(Nafarroa) Donato Ascunce eta Zizur Nagusiko (Nafarroa) Máxima Elíaren semea zen.
Beasaineko Arte eta Lanbideen Eskolan hasi zen arte-ikasketak egiten.
Gerra Zibilaren erdi-erdian, semea Astrainera (Nafarroa) bidaltzea erabaki zuten
gurasoek, arrazoi ekonomikoak zirela medio, eta, han, amaren aldeko aitona-amonekin
bizi izan zen. 1942tik aurrera, Javier Ciga Echandik Iruñean irekia zuen akademiara
joan zen pintura-eskolak hartzera, eta, gero, Madrilen jarraitu zituen ikasketak,
Nafarroako Foru Aldundiak 1945ean eman zion bekari esker.
Hasieran, Arte eta Lanbideen Palmako Eskolan ikasi zuen, eta, gerora, San Fernandoko
Arte Ederren Goi Eskolan, eta hantxe ikasi zuen 1951. urtera arte.
Ikasten ari zen bitartean, hainbat sari eskuratu zituen: pinturako Carmen del Río
Fundazioa; marrazketa naturaleko ikasgaian Saria; El Paularren eta Santillana del
Marren pentsionatua.
Ikasketak amaitutakoan, Parisera bidaiatu zuen, eta denboraldi labur batez han izan
zen; gerora, 1958an eta 1959an itzuli zen hara, museoak ikusi eta La Grand Chaumière
Akademian ikasteko.
1952an Corellan jarri zen bizitzen (Nafarroan), eta, han, Arte eta Lanbideen Eskolako
marrazketa eta pinturako bitarteko irakasle izendatu zuten. Gero, Iruñeko Arte eta
Lanbideen Eskolan jarraitu zuen irakasten, eta, bertan, plaza lortu zuen 1965ean.
Ascunce Elíak sari asko eta asko jaso zituen bere ibilbide artistikoan: Donostiako
Udaleko Lehen Pintura Saria (ex aequo) 1957an; 1958an, Nafarroako Sindikatuen
Probintziako Ordezkaritzak antolatutako Pintura, Marrazketa eta Artisautza Lehiaketa-
Erakusketan, Lehen Pintura Saria; Iruña Hiriko Lehen Pintura Lehiaketako Lehen Saria
1959an. 1962an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Corporaciones Saria eman zion, eta 1972an,
Iruñeko Udalak Lehen Saria eman zion Iruña Hiriko I. Pintura Lehiaketan.
1957, 1960, 1962 eta 1964ko Arte Ederren Erakusketa Nazionaletarako hautatu zuten,
eta, 1967tik aurrera, bezeroen enkarguak egiten jardun zuen nagusiki. 1985ean
Nafarroako Gobernuak Juan Karlos I.a maiestatearen erretratua egiteko enkargua egin
zion, eta, 1988an, Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izendatu zuten.
José María Ascunce 1991n hil zen, irailaren 27an, Astraineko erakusketa batean berak
diseinatutako hilarri-gurutze baten inaugurazioan, Santiago bidean, izan eta egun bat
geroago.