FERRER
Esther
(Donostia , 1937 )
Performance, Instalazioak, Fotografia, Bideoartea.
Donostia, Paris
Esther Ferrer Donostian jaio zen 1937an. Bere prestakuntza eta arte plastikoekin izan zituen lehen harremanak Gipuzkoako Elkarte Artistikoan gertatu ziren, euskal abangoardiako artista nabarienekin. Adierazpen Askerako Tailerra sortu zuen José Antonio Sistiagarekin, eta, besteak beste, Elorrioko Saiakuntza Eskola jarri zuten abian (Bizkaia). 1967an, ZAJ taldean sartu zen Juan Hidalgo eta Walter Marchettirekin, eta, John Cageren eraginpean, jarduera bizi-bizia garatu zuten, nazioartean oihartzun handia zeukaten kontzertu eta performanceak egiteko. Parisen finkatu zen, eta honako hauexei buruzko hausnarketa zorrotz bezain asaldagarrian oinarritutako lan artistikoak egiten jarraitu zuen: objektuak, denboraren iragaitza, ekintza edo irrigarritasuna. Bertan, gainera, gorputza da nagusi. 80ko hamarkadatik aurrera, Esther Ferrer performancea alde batera ixten hasi zen, eta, aldi berean, argazki zein instalazioetara itzuli zen, asmo kontzeptual nabariaz. 2008an, Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zion Kultura Ministerioak eta lau urte beranduago Gure Artea saria jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren eskutik. 2014an Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Arte Plastikoen Velázquez Saria eman zion. |