DÍAZ DE OLANO Ignacio
(Vitoria-Gasteiz, Araba , 1860  -  Vitoria-Gasteiz, Araba,  1937 )
Pintura. Vitoria-Gasteiz (Araba)

Ignacio Díaz de Olano Gasteizen jaio zen 1860an. Hiri horretako Arte eta Lanbideen
Eskolan eman zion hasiera bere prestakuntza artistikoari, eta Bartzelonako La Lonjan
jarraitu zuen 1877. urtetik aurrera.
1881ean, Parisera joan zen. Bertan, operako eszenografoa izan zen, eta hiriko museo
handienak ezagutu zituen. Gasteizera itzultzean, erakusketa nabariagoetan parte hartu
zuen, eta pintura-eskola partikularrak eman zituen bere tailerrean. Une hartan, El
Danzarín umore-aldizkariko marrazkilaria zen, eta Galop ezizena erabiltzen zuen.
La Ilustración de Álava aldizkariko zuzendari artistiko izendatu zuten.
1890. urteaz geroztik, Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartu
zuen, eta, bertan, ohikoa izan zen 1917. urtera arte.
Felipe Arrietaren adiskide egin zen, eta, haren mezenasgoari esker, Erromara joan zen
1894an. Bi urtez bizi izan zen bertan, eta inguruak zein Venezia bisitatu zituen.
María Antonieta Proietti ezagutu zuen, eta, aurrerantzean, bere modeloa izan zen. Era
berean, une hartan Erroman zegoen Fernando Amáricarekin egon zen harremanetan. Bere
pintura argitu egin zen, eta gaien errepertorioa osatu zuen.
Gasteizera itzultzean, 1900. urtean, Arte eta Lanbideen Eskolako marrazketa-
irakaslearen lanpostua lortu zuen. Geroago, 1912an, irakaskuntza artistikoaz arduratu
zen Gasteizeko Bigarren Irakaskuntzako Institutuan. Horrez gain, eskola partikularrak
ematen zituen Arka kaleko tailerrean.
Naturalismo nabariaz, Ignacio Díaz de Olanok eguneroko giroak, estanpa kostunbristak,
paisaiak eta natura hilak irudikatu zituen. 1911. urtetik aurrera, ezkondu eta aita
izan ondoren, burgesiaren erretratuak egin zituen, batik bat.
Bere bizitzako azken urteetan, margotu eta irakasteaz gain, Gasteizko kritikak eta
jendeak 1937an hil zen arte eskaini zizkioten omenaldi eta onespen ugarietan parte
hartu zuen.