APELLÁNIZ SÁEZ DE IBARRA, Andrés
(Vitoria-Gasteiz, Araba , 1928 )
Pintura. Vitoria-Gasteiz (Araba)

Andrés Apellániz Sáez de Ibarra, Jesús Apellániz paisajistaren semea, Gasteizen jaio
zen 1928ko apirilaren 10ean. Bizitzako lehen bi urteak Donostian eman zituen, 1930ean
familia Oriora (Gipuzkoa) aldatu zen arte; han, Andrés Apellánizek bere lehen
harremana izan zuen artearekin, aitak animatuta, eta aita lagundu zuen irudigintza-
lanekin lotuta egin zituen irteeretan. 1938an, 10 urterekin margotu zuen lehen
koadroa: Orioko paisaia bat.
Gerra Zibila amaitzean, Zarautzen (Gipuzkoa) jarri ziren bizitzen, eta aldi hartan
sortu zen Andrés Apellánizengan pinturarako interes geroz eta handiagoa. Artista
autodidakta izan zen eta modu naturalean margotzen zuen; kaleak, portuak, itsasaldeak,
baserriak eta abar. 1945ean, 17 urte baino ez zituela, lehen banakako erakusketa egin
zuen, Espainiako Artisautzaren Aretoan, Bilbon.
1948an, Andrés Apellánizen familia Gasteizera aldatu zen behin betiko.
Nekaezin, hiri hartako bazter guztiak margotu zituen, argi eta kolorez betetako olio-
margo adierazkorretan.
Hurrengo urtean Parisera bidaiatu zuen, inpresionismoak erakarrita; han, ikasi eta
idatzi egin zuen, inpresionisten eta haien margoen gainean, bai eta fauvismoaren,
kubismoaren, dadaismoaren eta margolari abstraktuen gainean. Urte haietakoak dira
Andrés Apellánizen koadro abstraktu bakarrak, handik denbora gutxira arte ez-
figuratiboa alde batera utziko baitzuen.
50eko hamarkada bizia izan zen, Espainia osoan zehar erakusketa ugari egin baitzuen,
bai eta Ameriketako Estatu Batuetan ere. Gainera, kronika eta artikuluak idazten
zituen El Pensamiento Alavés egunkarirako, eta 1960. urtera arte jarraitu zuen
egunkari horrekin kolaboratzen. Urte hartan Italian zehar bidaiatu, eta Florentzia,
Erroma eta Venezian margotu zuen.
1962tik aurrera erakusketen erritmoa mantsotu zuen; izan ere, ordurako, Apellánizek
bere galeria zuen Gasteizen eta Zarautzen, Apellániz Galeriak izenekoa, eta haietan
etengabe erakusten zituen bere koadroak.
Gasteizeko bizitza artistikoan modu aktiboan parte hartzen jarraitu zuen, eta
Gasteizeko Arte eta Lanbideen Eskolako zuzendaritza-kide izendatu zuten 1969an,
Museoen Aholkularitza Batzordeko kide 1978an eta Amarica Fundazioko kide 1979an.