SISTIAGA
MOSSO,
José Antonio
(Donostia , 1932 )
Pintura, Zinematografia.
Ziburu-Ciboure (Lapurdi), Donostia
Donostian jaio zen 1932an. Bere lehen erreferentzia piktorikoak errealismoaren barruan daude, eta irudiak zein natura ditu oso gustuko. 1954tik 1961era, Parisera joan zen, bere prestakuntza artistikoa sendotzeko asmoz. Bertan, giro ez-formalistetan murgildu zen, Manuel Duque margolariaren eskutik. Haren eragina, gainera, ageri-agerikoa da sena nahiz intuizioa abiapuntutzat hartzen dituen produkzio liriko- abstraktuan. Bolada batez Ibizan egon ondoren, Euskadira itzuli zen, eta bete-betean hasi zen arte plastikoak sustatzen. 1963an, Donostian, Esther Ferrerrekin sortu zuen Umeen Adierazpen Askerako lehen Tailerra. Tailer hori, gainera, aldi berean abian jarritako beste jarduera askoren jatorria izan zen: Elorrioko Saiakuntza Eskola (Bizkaia), besteak beste. 1966an, Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen honako hauekin: Amable Arias, Rafael Balerdi, Néstor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta José Luis Zumeta. José Antonio Sistiaga funtsezko piezetako bat da euskal abangoardia artistikoaren garapenean. Gainera, azken hamarkadotako artista sailkaezin eta bitxienetakoa ere bada. Bere lan-prozesua materialen ikerketan eta tratamenduan oinarrituta zegoenez, 1968 eta 1970 bitartean Ere erera baleibu izik subua aruaren... film luzea egin zuen, eta zuzenean margotu zuen eskuz zeluloidearen gainean. Handik aurrera, lan handia egin zuen zinegintzan nahiz pinturan, eta nazioarteko ospea lortu zuen. Europako, Japoniako eta AEBetako zinemaldi, unibertsitate, museo eta zinemateka ospetsuenetan nabarmentzen da, hain zuzen ere. Ez du sekula pintura alde batera utzi, eta, 70eko hamarkadatik aurrera, etengabe itzultzen da bertara. Gaur egun, automatismoan nahiz berehalakotasunean oinarritutakoj oerak lantzen ditu. Zentzumenezko esperientziaren ondorioz sortzen dituen lanetan adierazitako ideiak ekialdeko espiritualtasunetik hurbil daude. Keinua, ekintza eta naturarekiko obsesioa dira artistaren lan-ibilbidearen ezaugarri bereizgarriak, eta, ia-ia, mende erdi darama sorkuntza eta irakaskuntza artistikoak jorratzen. |