ANDA GOIKOETXEA, José Ramón
(Bakaiku, Nafarroa , 1949 )
Eskultura. Bakaiku (Nafarroa)

José Ramón Anda Goikoetxea 1949an jaio zen Bakaikun (Nafarroa). Umetatik, eta familiaren
ebanisteria-tailerrari esker, eskultore honek harreman berezia izan du egurrarekin, eta
material hori sorkuntza-prozesu osoan zehar izan du bidaide. Andaren ibilbide artistikoan,
hainbat material agertzen dira (harria, brontzea, corten altzairua, aluminioa edo marmola),
baina, hala ere, eskultore honen berezko materia egurra da, eta egurra, bere eskuetan, aukera
estetikoz betetako elementu bihurtzen da.
1970 eta 1974. urteen artean, Andak Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ikasi zuen.
Urte haien ostean, bere jardun eskultorikoa dikotomia batek markatuko du: alde batetik,
irakasleengandik jasotako prestakuntza figuratiboa zegoen, eta, bestetik, abstrakzio
geometrikoaren esparruan egin zituen lehenengo sartu-irtenak.
1974an, Erromako Arte Ederren Akademia Espainiarraren beka bati esker, Italian jarraitu zuen
ikasten, eta, han, harreman zuzena izan zuen maisu italiar nagusien eskultura klasiko eta
garaikidearekin. Hori horrela, Marino Marini, Giacomo Manzú eta Arturo Martini bezalako
artisten lanaren eragina jaso zuen, besteak beste. Andak abangoardia historikoen herentzia ere
bereganatu zuen, batez ere Bauhauseko hasiera abangoardistako artistarik moldakorrenetako
batek geometriari buruz egin zuen interpretazioa; hain zuzen ere, Max Bill artista suitzarrari
buruz ari gara. Aldi berean, euskal kulturarekin eta kultura horretako mito eta balioekin
inplikatu eta identifikatu zen, eta, modu horretan, bere lanak bat egin zuen hirurogeiko
hamarkadako Euskal Eskolako taldeen enuntziatuekin. Horrela, segida eman zien Oteizaren
hastapen kontzeptualari eta Chillidaren lan-prozedurei.
Laurogeiko hamarkadaren hasieran, bere prestakuntza eta ekoizpen artistikoa erabat finkatuta
zeuden. Andak zenbait sari jaso zituen; besteak beste, Gasteizko Udalaren Pintura eta
Eskulturako IV. Biurtekoko eskultura arloko saria 1980an, Ángel Orensanz Ciudad de
Sabiñánigo (Huesca) Nazioarteko Eskultura Sariketako lehenengo saria 1982an, eta, 1983.
urtean, lehenengo sariak Donostiako Eskulturaren Biurtekoan, Ciudad de Jaca (Huesca)
Nazioarteko II. Eskultura Lehiaketan, eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea
lehiaketan.
Urte haietan maiz egin zituen erakusketak Euskadiko hainbat lekutan eta Espainiako gainerako
lurraldeetan, bai modu indibidualean zein kolektiboan; alabaina, 1989ko urtarrilaren 20an
istripua izan zuen, eta, ondorioz, minusbaliatuta geratu zen denboraldi luze batez. Bitxia
badirudi ere, une hartan egilea Bilboko Arte Ederren Museorako erakusketa bat prestatzen ari
zen, baina, azkenean, ez zen halakorik egin. Hala ere, zenbait bisitari eta senideren
lankidetzari esker, tailerrak aurrera jarraitu zuen piezak egiten, eta erakusketa
garrantzitsuak ere egin ziren; besteak beste, Nafarroako Museoan 1990ean egindakoa, Madrilgo
Miguel Marcos Galeriakoa 1991n, eta Bartzelonako Gaspar Aretokoa eta Donostiako Dieciséis
Galeriakoa 1992an. Erakusketa horien ostean, antzeko garrantzia zuten beste batzuk etorri
ziren XXI.
mendeko lehenengo hamarkadan; esate baterako, Donostiako Altxerri Galerian egin zena
2001ean, Gijóneko Barjola Museokoa 2003an, Bilboko BBKren Kultur Gelakoa 2006an, eta
2008an L’Hospitalet de Llobregat eta Iruñean egindakoak.
Andaren obrak hainbat interes eta gairi erantzuten die. Tartean daude espazio publikoetarako
sortutako lan abstraktuak adibidez, Zeharki Donostian, Omenaldia Juan de Antxietari Iruñean,
S/T Altsasun, Besarkada Leioan, Belak Bakion, Goruntz Zumarragan, Haizean Tolosan, Leihoa
Zarautzen, Orereta Ikastola Errenterian eta Zeharki II Galdakaon, edo orientazio funtzional
argia duten altzari-eskulturak. Bere pieza guztiei indar eraikitzaile handia eman die, eta,
bertan, uztartu egiten ditu arlo arrazionala eta organikoa, espazioa eta hustasuna, materia eta
ehundura. Hain zuzen ere, ezaugarri horiek identitate-zigilu argia ematen diote bere lanari.
Andaren eskulturak bilduma publiko eta pribatu askotan daude jasota; besteak beste, honako
hauek aipa daitezke: Artium-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Museo Zentroa, Nafarroako
Museoa, Donostiako San Telmo Museoa, Caja Navarra, Caja Vital Fundazioa, Kutxa Fundazioa,
Fundació la Caixa, Eduardo Capa Fundazioa, Alfa-Arte Bilduma, Museo Nacional Centro de Arte
Reina Sofía, Iruñako Udala eta NUP-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.