TELLAECHE ALDASORO, Julián de
(Bergara, Gipuzkoa , 1884  -  Lima, Perú,  1957 )
Pintura. Lekeitio (Bizkaia), Paris, Bilbao, Lima

Prestakuntza artistikoa Madrilen egin zuen, bere adiskide Ascensio Martiarena
margolariarekin batera (1883-1966), Joaquín Sorollaren (1863-1923) ikasle izandako Eduardo
Chicharroren tailerrean (1873-1949). Azken horrek teknika bereganatzen eta pintura
naturalista maitatzen irakatsi zion. 1902an, Parisera joan zen, Julien eta Colarossi
akademietan bere ikasketak osatzeko asmoz. Frantziako hiriburuan, fauvismoa eta abangoardiako
artista handienen lanak ezagutu zituen.
Lekeitiora itzuli zenean (Bizkaia), jarduera artistikoari ekin zion buru belarri. Bere familia
bertan bizi zen, eta bere itsas bokazioaren inspirazio-iturria ere bazen.
1910ean, jendaurrean aurkeztu zen, Bilboko Elkarte Filarmonikoak antolatutako Arte
Modernoaren Erakusketan. Hurrengo urtean, Euskal Artisten Elkartearen sorreran parte hartu
zuen, eta, bertan, erakusketak egin zituen bere lan-ibilbide osoan zehar.
Harrezkero, pinturaren zein erakusketen arloko jarduera areagotu zuen, eta gune artistiko
handienetan parte hartzeko deitu zioten. Nazioartean margolari ospetsua zenean, 1919an
Bilboko Nazioarteko I. Pintura eta Eskultura Erakusketan parte hartu zuen, bai eta 1929ko
Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan ere. 1921etik 1923ra, banan-banako erakusketa egin
zuen Bruselan, Parisen eta Stockholmen; eta, 1925ean, Madrilgo Nancy Aretoan.
Itsas bidaietan, beretzat deigarriak ziren paisaien marrazki txikiak egiten zituen, bai eta
zirriborroak ere. Ondoren, zirriborro horiek bere margolanetan gauzatzen zituen, joera
abangoardistekin bat zetorren berezko estiloaz. Itsasoko munduaren ikuskerak argi-distiren,
kolore mateen eta pintzelada lehorren bitartez irudikatzen zituen.
Prestakuntza piktoriko handia zuenez eta bidaia ugari egin zituenez, Julián de Tellaeche oso-
oso gizon jantzia zen, eta, bere lan-ibilbidean zehar, kritika garatu zuen, hitzaldiak eman
zituen eta irakaskuntza artistikoan jardun zuen.
1934an, Donostiako Gu Elkarte Artistikoaren sorreran parte hartu zuen, eta, urtebete geroago,
bertako presidentea izan zen. Gerra Zibilaren ondorioz, Frantzian erbesteratu behar izan zen,
eta bertan jarraitu zuen lanean. 1937an, Parisko Erakusketa Unibertsalean parte hartu zuen,
eta Eresoinkarekin ere lan egin zuen, 1939ra arte Europako zenbait hiriburu zeharkatu zituen
Euskal Artearen Erakusketan. Gerra amaitutakoan, Parisen finkatu zen, 1946an Bilboko Delsa
Aretoan erakusketa egin zuen arren.
1952an, Perura joan zen, eta, zaharberrikuntzaren arloko jakintza zuenez, Altxor Artistiko
Nazionaleko kontserbadore izendatu zuten. Bertan bizi izan zen, hil arte.