IBARROLA GOICOECHEA, Agustín
(Bilbao, Bizkaia , 1930 )
Pintura, Eskultura, Arte grafikoak. Kortezubi (Bizkaia)

Bilbon jaio zen 1930ean, eta, beraz, ume-umetatik, zuzenean bizi izan zuen gerra. Hain zuzen
ere, gerrak bere bizitza eta bere familiarena markatu zituen. Handik gutxira, artearekiko
jakin-min handia piztu zitzaion; 14 urterekin, Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan hasi zen
ikasten, marrazketaren eta pinturaren oinarriak ikasteko asmoz. Intentsitate eta oparotasun
handiz, fabriketako eta baserrietako lanaren mundua islatu zuen, 1948an bere lehenengo
erakusketa indibiduala egin zuenera arte Bilbon.
Erakusketa horrek aldaketak ekarri zituen bere prestakuntzari zegokionez, izan ere, Madrilera
joan zen, San Fernandoko Arte Ederretako Goi Eskolan ikastera. Baina ez zeukanez
ikasketarik, ezin izan zen matrikulatu, eta, ondorioz, Daniel Vázquez Díazen tailerrean hasi
zen ikasten. Han, Rafael Canogar, José María Moreno Galván, Rafael Munoa eta Rafael
Zabaletarekin batera egon zen.
1950ean, Jorge Oteiza ezagutu zuen, eta azken horrek Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko
basilikako lanetan parte hartzeko gonbita egin zion. Atarirako horma-irudi bat egiteko enkargua
jaso zuen, baina, azkenean, ez zuen egin. Atzerrira egin zuen lehenengo bidaia Parisera izan
zen, 1956an. Han, Artista Espainiarren Elkarteko idazkari gisa jardun zuen, eta berarekin
batera Equipo 57 taldea osatuko zuten artistak ezagutu zituen.
1961ean, Bilbora itzuli zen, eta Estampa Popular mugimenduaren euskal ataleko
grabatzaile taldean sartu zen. Alderdi Komunistako kide aktiboa zenez, atxilotu egin zuten
1962an, eta auzitegi militar batek epaitu egin zuen, bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri
ziotelarik. Kartzelan zela, marrazten eta pintatzen jarraitu zuen, baina ezin zituen lanak
sinatu eta kanpoan ere ezin zituen erakutsi. Urtebete geroago, Espainiako Alderdi Komunistaren
bitartez, Appel for Amnisty erakundeak erakusketa bat antolatu zuen Londres, Paris, Belgika,
Alemania eta Italian, gaur egun desagertuta dauden obra "ilegal" haiekin.
1965ean, aske utzi zuten, eta, Euskal Herriko beste artista batzuekin batera, Euskal Eskolako
talde artistikoak sortzeari ekin zion: Gaur, Emen, Orain eta Danok izan ziren talde horiek.
1967an, berriz ere atxilotu eta Basaurin (Bizkaia) kartzelaratu zuten 1969ra arte. Urte hartan,
Debako Eskolako kide bihurtu zen. Une hartatik aurrera, hainbat erakusketatan eta euskal
artearen inguruan sortzen ari ziren gertakari artistiko ugaritan hartu zuen parte. 1972an,
Barakaldoko (Bizkaia) Euskal Arteko Lehenengo Erakusketa Bereizi Gabean eta Iruñeko Arte
Topaketetan hartu zuen parte, eta, 1976an, erakusketa egin zuen Veneziako Bienalean, bera
izan zelarik Bienalean egondako euskal ordezkari bakarra.
80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko
irakasle izendatu zuten, baina, bost urte geroago, kendu egin zioten kargua, titulaziorik ez
zuelako. 1987an, Kultura Ministerioak eta Madrilgo Udalak erakusketa antologikoa antolatu
zuten. Ondoren, erakusketa hura Zaragozara eta Bilbora ere eraman zen, eta berak modu
aktiboan hartu zuen parte bertan.
Erakusketa-aro hori amaituta eta Kortezubiko (Bizkaia) baserrian bizitzen hasita, hainbat
materialekin esperimentatzen hasi zen; besteak beste, trenbide-trabesekin, kartoiekin, egur
sikuekin, burdinurtuarekin... Santimamiñeko historiaurreko kobazuloetatik eta bere etxetik
hurbil dagoen Omako basoko enborrak bere sorkuntza-ibilbideko abentura estetikorik ausart
eta ezagunenaren euskarri bihurtu ziren: El bosque animado de Oma da aipatutako lan
hori.
XX. mendeko azken hamarkadatik aurrera, Agustín Ibarrolak Euskadiko instituzio publikoen
aintzatespena jaso zuen, eta zenbait eskultura esanguratsu egiteko enkargua egin zioten, gero
espazio publikoetan jartzeko. 1993an, Equipo 57 taldeko gainerako kideekin batera, Arte
Ederretako Urrezko Domina jaso zuen, eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederretako
Fakultateak "baso pintatu" bat sortzeko gonbita egin zion, hiri horretan zumar lehorrak
erabiliz.
1997tik aurrera, RENFErekin lankidetzan, trabesekin egindako serie eskultoriko ospetsuak jarri
zituen ikusgai Espainiako zenbait hiritan. Bien bitartean, hainbat erakusketatan parte hartzen
jarraitu du, obra grafiko eta piktorikoarekin. Gaur egun, elementu naturalekin egin dituen
esperimentuak zenbait paisaia artistikotan gauzatu dira. Lan horien artean daude Piedras y
árboles (1999), Allarizen (Ourense); Los cubos de la memoria (2001-2006),
Llanesko (Asturias) portuan; edo, 2002an, Bottropeko (Alemania) Rurh meatze-arrorako
proiektatu zuen aire libreko auditoriumeko eszenatoki totemikoa, horretarako 130 trabes
erabiliz.