LEKUONA
NAZABAL,
Nicolás de
(Ordizia, Gipuzkoa , 1913 - Fruiz, Bizkaia, 1937 )
Fotomuntaketa, Fotografia, Pintura.
Ordizia (Gipuzkoa)
Nicolás de Lekuona 1913ko abenduaren 19an jaio zen, Gipuzkoako Ordizia herrian. 1929an, Donostiako Arte eta Lanbideen Eskolan matrikulatu zen, eta, han, Ascensio Martiarena izan zuen irakasle. Aldi berean, Domingo Unanue arkitektoaren laguntzaile gisa ibili zen lanean. Une hartan, publizitate-diseinuarekiko eta kartelismoarekiko erakarpen handia sentitu zuen, maila artistikoan bere burua berritzeko gogoa zuen eta. 1932an, Madrilera joan zen, Aparejadore Eskolan ikasteko asmoz. Hiriburuan eman zituen hiru urteetan, modu aktiboan hartu zuen parte hainbat jarduera abangoardistatan, Pombo kafetegiko tertuliara joaten zen (Ramón Gómez de la Sernak zuzentzen zuen tertulia hori), eta harreman handia izan zuen kritikari eta artistekin, batez ere Ramón eta Valentín Zubiaurre margolariekin. Jorge Oteiza eta Narciso Balenciagarekin batera, erakusketa bat antolatu zuen Donostiako Kursaalen, 1934an. Horren bitartez, fronte abangoardista bat ireki nahi zuten euskal artean. Ikasketak amaitu zituenean, 1935ean, Ordiziara itzuli eta Florencio Mocoroak Donostian zeukan estudioan hasi zen ikasten. Han, estilo arrazionalistako etxebizitza eta altzarien proiektu- serie bat egin zuen. Tertulietan parte hartzen eta bere obran etengabe lanean jarraitu zuen, eta, bere izaera abangoardistari esker, eskura zituen teknika eta baliabide guztiak ikertu zituen: argazkigintza, fotomuntaketa, pintura, poesia... Fotokalkidea ere erabili zuen: grabatuaren eta argazkiaren arteko prozedura berritzaile horretan, klixe fotografikoak eskuz manipulatzen zituen, eta, gero, positibatu egiten zituen. Bere lanetan, elementu surrealistak eta konstruktibismotik eratorritako elementuak uztartzen zituen, eta, fotomuntaketen kasuan, aldizkarietatik ebakitako erreprodukzioetatik abiatzen zen. Irudi horietan, modernitateko mitoen errepertorio osoa agertzen zen (kirolariak, langileak, emakumeak...). Gerra Zibila hasi zenean, Nicolás de Lekuona frontera bidali zuten andazain gisa, eta gerran bertan hil zen, 1937ko ekainaren 11n, Fruizeko (Bizkaia) bonbardaketan. Bere lanak euskal abangoardia artistikoko produkziorik berezienetakoa izan behar zuen, baina heriotza goiztiar horrek kolpean eten zuen bere etorkizuna. |