OTEIZA
EMBIL,
Jorge
(Orio, Gipuzkoa , 1908 - Donostia, 2003 )
Eskultura.
Donostia (Gipuzkoa), Irun (Gipuzkoa), Altzuza (Nafarroa)
1908an jaio zen, Orion (Gipuzkoa), aitona-amonen etxean, baina bere familia Donostian bizi zen. Hori dela-eta, Jorge Oteiza Donostian hasi zen ikasten. 1921ean, Lekarotzen (Nafarroa) hiru urtez egon ondoren, bere nortasuna aldatu egin zen, eta ikaskuntzan zein kulturan aurkitu zuen gozamena. 1927an, Madrilera joan zen familiarekin, eta Medikuntza Fakultatean matrikulatzen saiatu zen, baina arrazoi administratiboengatik gaitzetsi egin zutenez, arkitekturan egin zuen matrikula. 21 urte zituela, Madrilgo Arte eta Lanbideen Eskolan sartu zen, baina, handik hilabete gutxira, utzi egin zuen, eta Dimitri Txaplin eskulturagile errusiarrarekin, Alberto Sánchezekin, Cristino Mallorekin eta Eduardo Díaz Yepesekin jarri zen harremanetan. 1928-1929an sorkuntza- ibilbideari ekin zion, eta, hasiera-hasieratik, jarrera esperimentala hartu zuen, sasoi hartako abangoardiako proposamenak landuz. Bere lehen eskulturekin, gazteentzako arte-lehiaketetan hartu zuen parte; eta 1931n, Gipuzkoako Artista Hasiberrien IX. Erakusketan. Bertan, gainera, lehen saria lortu zuen. 1932an, Euskal Artisten Erakusketan parte hartu zuen; eta 1933an, Artista Hasiberrien Erakusketan, berriro ere. Aldi berean, jarduera literarioari ekin zion, eta abangoardiako euskal mugimendu artistikoaren berpizkundean aritu zen, era guztietako proiektu eta erakusketen bitartez. 1935. urtetik aurrera, etapa berriari ekin zion. Argentina, Txile, Kolonbia, Ekuador eta Perutik bidaiatu zuen, eta, bertan, antropologia, dantza, literatura, antzerki eta politikari buruzko interesa piztu zitzaion. Horrez gain, guztiz ikuskera berezia zuen sorkuntzaren inguruan. Jendaurreko agerraldiak ugaritu egin ziren, eta, hitzaldi zein argitalpenetan, bere pentsaera estetikoaren oinarrizko printzipioak ezarri zituen. 1938an, Itziar Carreñorekin ezkondu zen, eta sorkuntza eskultorikoa nahiz zeramikaren irakaskuntza landu zituen. Buenos Airesko Zeramika Eskola Nazionaleko irakaslea izan zen, eta, 1942. urtetik aurrera, jarduera bera garatu zuen Amerikako beste herrialde batzuetan. 1948an, Espainiara itzuli eta Bilbon finkatu zen. Bertan, kultura eta artea sustatu nahi izan zituen berriro, “euskal artearen” kontzeptuak zentzua izan zezan. Nahiz eta lan egiteko tailerrik eduki ez, eskulturak egiten jarraitu zuen. Txikiak ziren, eta material galkorrak edo berrerabiliak erabiltzen zituen. Horri esker, zenbait erakusketa eta lehiaketatan parte hartu ahal izan zuen. 50eko hamarkada bizi-bizia izan zen, erakusketa ugari egin zituelako Euskadin bertan zein Euskaditik kanpo. Horretaz gain, Estatuko eta nazioarteko hainbat lehiaketatan hartu zuen parte, eta mundu mailan ere oso sari garrantzitsuak jaso zituen. Aldi berean, hitzaldiak eman zituen eta katalogoetako testuak, artikuluak eta liburuak idatzi zituen. Orduan, arkitekturako lehiaketa nazionalerako deia egin zen, Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko basilika berria egiteko. Honakoak aukeratu zituzten: Luis Laorga eta Francisco Javier Saénz de Oiza arkitektoak, Carlos Pascual eta Néstor Basterretxea margolariak, hurrenez hurren absidea eta kripta margotzeko; eta Jorge Oteiza eskulturagilea. Era berean, Eduardo Chillidak ateak egin zituen; Agustín Ibarrolak, horma-irudia; eta Javier María Eulatek, beirateak. Arantzazu “euskal artea” bultzatzeko saiakerako zentro sortzaile eta abangoardista izatera heldu zen. Oteizak bere tailerra jarri zuen bertan, eta Apostolado egin nahi izan zituen frisoan, eta Piedad, errematean. 1954an, elizak basilikako lanak eten zituen, eta apostoluen eskulturak bertan behera utzi zituzten sarrera-errepideko arekan, harik eta 1968an behin betiko jarri zituzten arte. 1957. urtea funtsezko mugarria izan zen Oteizaren lan-ibilbidean, Sao Pauloko IV. Bienalean parte hartu eta Nazioarteko Eskultura Sari Nagusia lortu zuelako. Testuinguru horretan, beste artista batzuekin jarri zen harremanetan, arteen integrazio eta esperimentaziorako taldeak sortu nahian. Hori dela-eta, Equipo 57 taldearen sorreran hartu zuen parte. Irunen (Gipuzkoa) finkatu zen, eta tailerra jarri zuen Néstor Basterretxea adiskidearekin batera. Estatuko zein nazioarteko zenbait erakusketatan parte hartzen hasi zen; esate baterako, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, harik eta 1960an jarduera eskultorikoa utziko zuela iragarri zuen arte. Izan ere, bere estetika metafisikoa landu nahi zuen, horren arabera arteak mugarik gabeko balio espiritualak zituelako eta eragin bera izan behar zuelako sorkuntzako arlo guztietan. 30 urtean garatutako sorkuntza-jarduera eskulturaren espazio-gaitasunak erakusteko saialdi bakarrean laburbildu daiteke, materiaren berezko balioespena alde batera utzita eta azken hutsunea bilatu nahi duen proiektu kontzeptuala garatuta. Aurrerantzean, zenbait ekitaldi kulturaletan parte hartu zuen, Estatukoarekin zerikusirik ez duen euskal tradizio kulturala existitzen dela frogatzeko. 1936an, Quousque tandem...! argitaratu zuen, eta, bertan, historiaurreko eta gaur egungo arteen hiztegi labur konparatua azaltzen da. Sentsibilitate estetikoaren eraketaren inguruan zeukan interesa handia zenez, zenbait hezkuntza-proiekturen sorreran zein garapenean hartu zuen parte. Horra hor Debako Eskola. 1968an sortu zen, eta Euskadiko lehen zentro esperimentala izan zen. Era berean, garai hartan, Jorge Oteizaren ekimenez, euskal lurraldeetako talde artistikoen eraketa jarri zen abian: Gaur, Emen, Orain eta Danok. 1972an, Iruñeko Topaketetan parte hartu ondoren, Altzuzara (Nafarroa) joan zen bizitzera, erabateko isolamenduaren bila. Bertan, bere ikerketa teorikoa garatu nahi zuen, eta asmo hori hurrengo urteetan agertutako hainbat argitalpenetan gauzatu zen. Asmoa hori izan arren, artistak eta bere lanek 80ko eta 90eko hamarkadetan antolatutako ekitaldi artistikoetan parte hartu zuten, Euskadin bertan zein Euskaditik kanpo. 1976an, Agustín Ibarrola eta Eduardo Chillidarekin batera hautatu zuten, Veneziako Bienalean euskal artearen ordezkari izateko. 1985ean, Kultura Ministerioaren Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen. Nolanahi ere, jarrera kritikoa izan zuen instituzio ofizialekin. 1986an, Parisko Musée National d´Art Moderne-Centre Georges Pompidou delakoak Qu´est-ce que la Sculpture Moderne? (1900-1970) erakusketa antolatu zuen, eta Jorge Oteizaren zenbait lan jarri zituen ikusgai. 1988an, bere lehen erakusketa antologiko handia egin zen: Oteiza. Propósito experimental. Bertako komisarioa Txomin Badiola eskulturagilea izan zen, eta argi eta garbi utzi zuen nolako dimentsioa eta ekarpen artistikoa izan zuten Oteizaren lanek. Erakusketa antologiko hori egin bitartean, Susana Solanorekin batera aukeratu zuten Espainiaren ordezkaria izateko Veneziako 43. Bienalean, eta Arteen Asturiasko Printzea Saria eman zioten. 90eko hamarkadan, erakusketa gutxitan hartu zuen parte, poesiari ekin zion buru-belarri, eta 60ko hamarkadaz geroztik Eduardo Chillidarekin zeukan polemikari eutsi zion. Era berean, Eusko Jaurlaritzako politika kulturala eta Bilboko Guggenheim Museoaren proiektua kritikatzen jarraitu zuen. Desadostasun horien ondorioz, 1992an, bere bilduma pertsonala dohaintzan eman zion Nafarroari. Lagapen horren ondorioz, artistaren ondarea babesteko, artatzeko eta katalogatzeko fundazioa sortzeko aukera sortu zen. Estatutuak 1996an sinatu ziren, eta Oteiza Museoa sortzea erabaki zen. Eraikina bere adiskide Francisco Javier Saínz de Oiza arkitektoak egingo zuen. Etapa horretan, erakusketa ugari egin ziren, eta bere ibilbide artistikoak aintzatespen ugari jaso zituen. Bere zenbait eskultura eskala handian egin eta leku publikoetan jarri zituzten. Ordurako zaharra zenez eta osasun aldetik lar ondo ez zegoenez, Zarautzera (Gipuzkoa) joan zen, eta idazten jarraitu zuen. Jorge Oteiza 2003ko apirilaren 9an hil zen, eta, hilabete geroago, Jorge Oteiza Museo Fundazioa ireki zuten Altzuzan. |