ORTÚN
CUBILLAS,
Julio
(Bilbao , 1947 )
Pintura.
Julio Ortun Bilbon jaio zen 1947an. Gaztea zela Bizkaiko Akuarelisten Elkartean hasi zen eta bertan Manuel Balsa "El Ruso" margolaria izan zuen maisu bezala. Hirurogeita hamargarren hamarkadaren erdialdera eskualdeko pintura lehiaketa askotan parte hartu zuen zeintzuetan hogei saritik gora irabazi zituen. Aldi berean, bere lehen banakako erakusketak aurkeztu zituen Bilbon, Algortan eta Gasteizen. 1983an Equipo Arte Independiente sortu zuen Justo Sanfelices, Richard, Alejandro Quincoces, Roberto Zalbidea, Iñaki Zarate eta J.M. Rozasekin batera eta talde-erakusketa ezberdinak jorratu zituzten laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan. Arlo teknikoan bere margolanak espresionismo eta naturalismoaren arteko eremuan kokatzen dira. Madrileko Eskolako artista batzuen errealismo naturalista gogoratzen du bere obran, zeinetan euren osagarri naturalekin ondo konbinaturiko horiak, gorri-horiak eta buztin koloreak biziki nabarmentzen diren. Paisaiak, natura hilak eta kutxak, oholak eta zaborrak itxurazko nahas- mahasean harmonikoki ageri diren konposizioak pintatzen ditu. Azken hauetan motibo piktorikoa zehatzago mugatuz lorturiko hurbiltasun berezi bat azaltzen da. Bere teknikaren ezaugarri nagusia trebetasun handiz egindako marrazketa irmoa da, zeinetan pintzelkada motzeko eta egitura zainduko pinturak enpaste leunekin bat egiten duen. Azken urteotan Ortunek bertako galerietan jarraitu du batez ere erakusketak egiten. |