LARROQUE ECHEVARRÍA, Ángel
(Bilbao , 1874  -  Bilbao,  1961 )
Pintura. Bilbao, Salamanca

1874an jaio zen Bilbon, artisten familia baten barruan. Bere aitona, osaba eta aita margolariak
ziren, eta, beraz, Ángel Larroquek heziketa artistiko bikaina jaso zuen.
Marrazketarako dohain apartak zituenez, Arte eta Lanbideen Eskolara sartu ahal izan zen,
Batxilergoko ikasketak egin ez bazituen ere. Anselmo Guinea izan zuen maisu.
1893an, Bizkaiko Diputazio Probintzialaren pentsio bati esker, Parisera joan zen ikasten
jarraitu ahal izateko. Han, Julien akademiara joan zen, eta pintura sinbolistaren
aitzindarietako bat zen Eugène Carrièreren eskolak jaso zituen. Nemesio Mogrobejo lagun
handiarekin batera, Stuttgartera bidaiatu zuen, eta, 1899an, Madrilen jarri zen bizitzen. Han,
maiz joaten zen Pradoko Museora, eta antzerkirako dekorazioak egin zituen.
1902an, berriz ere, Bizkaiko Diputazio Probintzialak beka bat eman zion, eta, horren bitartez,
Italiara bidaiatu zuen, Florentzia eta Erroma bisitatu zituelarik. Ondoren, Munichera joan zen.
Espainiara itzuli zenean, Ignacio Zuloagaren aholkuz, Ledesman (Salamanca) jarri zen bizitzen.
Han, ezkondu egin zen, eta birtuosismo tekniko eta harmonia konpositibo handiko bere pintura
espainiar tradizioan sustraitutako generoko eszenetarantz bideratu zen.
Diputazioak oraindik ere pentsioa ematen zionez, Europatik bidaiatzen jarraitu zuen, harik eta,
1908an, bere lehenengo umea jaiotzean, Bilbon jarri zen arte bizitzen. Une horretan,
erretratuak eta euskal gaiak pintatzeari ekin zion.
Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletako batzuetan hartu zuen parte, eta, 1917koan, Hirugarren
Mailako Domina jaso zuen, Recolección de manzanas lanari esker.
1911n Euskal Artisten Elkartea sortu zenean, Ángel Larroque lehenengo zuzendaritza batzordeko
kide izatera pasatu zen, eta taldearen lehenengo erakusketan ere hartu zuen parte.
1924an, naturaletik egindako kopien irakasle izendatu zuten, Bilboko Arte eta Lanbideen
Eskolan. Jarduera berri horretara oso-osorik emana zenez, ia erabat baztertu zuen jarduera
piktorikoa. 30eko hamarkadan, berriz, parte-hartze sozial eta artistikoa berreskuratu zuen,
Euskal Artisten Elkartearen erakusketetan eta Artelan Berreginen Museoaren sorrerako
zuzendaritza batzordean parte hartuz, 1927an.
Gerra Zibilean, Milizianoaren Umezurtzaren Etxea (Santutxuko Karmeldar Oinutsen komentuan)
dekoratzeaz arduratu zen artista-taldeko kidea izan zen. Egoera belikoak aldatu egin zuen bere
errepertorio tematikoa, eta sorginez, bandoleroz eta satiroz betetako eszenak marrazten hasi
zen.
40 eta 50eko hamarkadak erakusketa, sari eta aintzatespen ugariko urteak izan ziren.
Bilboko Arte Eder Museoak bere lan batzuk eskuratu zituen, eta, 1951n, Bizkaiko Diputazio
Probintzialak Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia eman zion. Orduantxe hasi zen umeen
erretratu ospetsuak egiten. Arte eta Lanbide Eskolatik jubilatu zenean, bere ohiko zaletasun
kulturalak berreskuratu zituen, 1961ean hil zen arte.