ORTIZ DE ELGEA
JAUREGI,
Carmelo
(Vitoria-Gasteiz , 1944 )
Pintura.
Vitoria-Gasteiz
Gasteizen jaio zen 1944an. Aretxabaletan (Vitoria-Gasteiz) bizitako haurtzarotik, interes handia izan zuen pinturarekiko, eta, ondorioz, 1955ean, Arte eta Lanbideen Eskolan matrikulatu zen. 1962an eta 1964an, Amárica Fundazioak beka bat eman zion, eta, horri esker, Madrilen ikasten jarraitu ahal izan zuen. Han, Arte Ederren Zirkuluan sartu zen, Pradoko Museoa bisitatzeari ekin zion, eta Juan Mieg eta Julián Gilekin konpartitu zuen estudioa. 60ko hamarkadan, modu aktiboan hartu zuen parte euskal panorama artistikoan. Jesús Echevarría, Joaquin Fraile, Juan Mieg eta Alberto Schommerrekin batera, Orain talde arabarreko kide izan zen, berrikuntza artistikoko euskal mugimenduaren barruan. 1966, 1967 eta 1968an, sariak lortu zituen Euskal Pinturako Lehiaketan, eta garai hartako pintura arabarreko figurarik esanguratsuenetakoa izatera heldu zen. 1977an, Bilboko Faustino Orbegozo Eizagirre Fundazioarekin jarri zen harremanetan, eta, lankidetza horren ondorioz, zenbait erakusketa antolatu zituzten, bere lana Euskal Herrian zein kanpoan ezagutzera emanez. Carmelo Ortiz de Elgea sorkuntza zabal eta handiko artista da, eta ezin da inongo eskola edo estilotan sailkatu. Bere lana aurretiazko planik gabe garatu da, figurazioaren eta abstrakzioaren artean; era berean, bere lanaren helburua sentsazioak eta bizipenak transmititzea da, kolorearen eta materiaren bitartez. Bere ibilbide osoa esperimentazio bisualean dago oinarrituta, eta natura da bere laneko benetako protagonista. Figura irrealez betetako paisaia imajinatuei esker, ikusleak sentimenduz jositako mundua suma dezake. Bere mihiseak, normalean, neurri handikoak izaten dira, eta pintura espresionista, abstraktu, koloretsu eta guztiz pertsonala erakusten dute. |