BASTERRETXEA ARZADUN, Néstor
(Bermeo, Bizkaia , 1924  -  Hondarribia, Gipuzkoa,  2014 )
Eskultura, Pintura. Irun (Gipuzkoa), Hondarribia (Gipuzkoa)

Nestor Basterretxea 1924ko maiatzaren 6an jaio zen, Bermeon (Bizkaia). Hantxe bizi izan zen
1936ra arte, eta, urte hartan, Gerra Zibila zela eta, Frantziara erbesteratu behar izan zen,
familiarekin batera. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Marseillatik Buenos Airesera joan ziren,
15 egunerako programatutako bidaian. Alabaina, Dakarretik Casablancara itzultzera behartu
zituzten, eta, handik, Mexikora eta gero Habanara joan ziren.
Azkenik, 18 urte zituela, Buenos Airesera heldu zen, eta han hasi zuen bere jarduera
artistikoa, publiztiateko marrazkilari gisa. Ondoren, modu autodidaktan, margolari bihurtu
zen, eta, 1949an, Atzerritarrentzako Sari Bakarra jaso zuen, Buenos Airesko Areto Nazionalean.
Urtebete geroago, bere lehen erakusketa indibiduala egin zuen Peuser aretoan.
Bere sorterrira itzuli zen, eta, segituan, abangoardiako proposamenetan parte hartzen hasi zen,
sortzen ari ziren joerei jarraituz. 1952an, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) basilikako kriptako
muralak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Egindako hamaika muralak ezabatuak izan ziren, Elizak
1955eko ekainean obrak eteteko agindua eman ostean; izan ere, adierazi zuten ez zirela
egokiak debozio kristaurako. 1984an, berriz ere pintatu zuen kripta, eta, oraingoan, zazpi
mural gehiago egin zituen; guztira, 18 panel, beraz.
Arantzazuko etaparen ostean, 1958an, Irunera (Gipuzkoa) joan zen Jorge Oteizarekin, eta,
han, eskulturan eta diseinuan murgiltzen hasi zen, altzari-fabrikan lan egiten zuen bitartean.
Urte hartan, Equipo 57 taldean sartu zen, eta, Bartzelonan, Equipo Forma taldearekin
lankidetzan aritu zen. 60ko hamarkadan aintzatespen artistikoa heldu zitzaion. 1961ean, bera
izan zen Sao Pauloko (Brasil) VI. Bienalean Espainia ordezkatzeko aukeratu zuten eskultore
bakarra, eta, 1962an, abangoardiako nazioarteko zenbait erakusketatan hartu zuen parte.
Amable Arias, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, José
Antonio Sistiaga eta José Luis Zumetarekin batera, Gaur taldea sortu zuen, 1966an.
1965tik aurrera, arlo zinematografikoan lan egiten hasi zen. Fernando Larruquertekin
lankidetzan, "Alquezar" eta "Pelotari" film laburrak egin egin zituen; urte hartan bertan,
zinematografiako sari nazionala eskuratu zuen, eta, ondoren, "Ama Lur" film luzea filmatu zuen.
Azken lan hori Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen 1968an, eta Gipuzkoako
Ateneoa saria lortu zuen bertan.
70eko hamarkadaren hasieran, Hondarribiara joan zen bizitzera, eta hantxe jarri zuen bere
tailerra, Idurmendieta baserrian. Une hartantxe hasi zuen "Euskal Serie Kosmogonikoa":
egurrez egindako eta euskal mitologian inspiratutako 18 figura dira, eta pieza horiek obra
enblematikoa osatzen dute Basterretxearen produkzioaren barruan.
Euskal eskulturaren berritzaile nagusienetakotzat dago hartuta, eta bere gailur nagusia 80ko
hamarkadan izan zen, Eusko Jaurlaritzako aholkulari artistikoa izan zenean eta eskultura
monumental ugari egin zituenean. Besteak beste, lan horien artean daude 1983an Eusko
Legebiltzarreko Batzar Aretorako egin zuena, 1987ko "Bakearen usoa" (ondoren, Donostiako
Amara auzoan jarri zen), Durangoko (Bizkaia) Tabira baselizaren aurreran dagoen eta 1993an
egin zuen hilarria, edo Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran urtegiko hormigoizko eskultura izugarria.
Gaur egun, 85 eskultura ditu toki publikoetan. Horietako gehienak Euskal Herrian daude, baina
beste batzuk Katalunian, Kanarietan, Estatu Batuetan, Argentinan edo Txilen daude, leku batzuk
baino ez aipatzearren.
Bere ibilbidean zehar, Nestor Basterretxeak arte integrala sortu nahi izan du, eta, eskultore
eta
margolari gisa lan egiteaz gain, grabatzailea, argazkilaria, diseinatzaile industriala, zinema-
errealizadorea eta idazlea ere izan da.
2005ean, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa
saria jaso zuen, Euskal Artearen garapenaren eta nazioarteko aintzatespenaren alde egin duen
lanagatik; era berean, Eusko Jaurlaritzaren "Lan Onari" saria ere jaso zuen urte berean. Eta,
2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak Zilarrezko Intsignia eman zion, arteari egin dizkion
ekarpenengatik.