LARREA GAYARRE, Vicente
(Bilbao, Bizkaia , 1934 )
Eskultura. Bilbao (Bizkaia)

Vicente Larrea Bilbon jaio zen, 1934an, tradizio eskultoriko handiko familia batean;
izan ere, bere aita eta aitona eskultore handiak izan ziren euskal panorama
artistikoan. Aitaren tailerrean hasi zen ikasten, eta, 1954an, Solesmesera (Frantzia)
joan zen, Raymond Dubois maisuarekin ikasten jarraitzera.
Bere lana Euskal Eskolaren mugimenduaren inguruan dago kokatuta. 1966an, Emen
taldearen sorreran hartu zuen parte, eta garai hartako erakusketarik aipagarrienetan
ere aritu izan zen.
Bere eskulturak maisutasun tekniko handiz daude eginda, eta figurazioa eta abstrakzioa
uztartu izan ditu. Aro geometrizatzaile goiztiar baten ostean, adierazkortasun
handiagoa bilatu zuen, materiaren eta hustasunaren arteko elkarrizketaren bitartez.
Hori horrela, masa eskultorikoa tolestu eta bihurritzeari ekin zion, bolumenak
gaindituz, argiak eta itzalak kontrajarriz, eta barrualdea eta kanpoaldea elkarren
parean jarriz. Bere ibilbidean zehar, hainbat material erabili izan ditu (burdina,
egurra edo sintetikoak), eta, modu horretan, bizitzan zein naturan etengabe aurkitzen
duen inspirazioa islatzen du.
Bere produkzio zabalaren zati handi bat espazio publikoetan jartzeko sortua izan da,
eta, gaur egun, Bilboko, Gasteizko, Iruñeko edo Madrilgo kale eta plazetan ikus
daitezke bere lanetako batzuk.