BARRUETA ASTEINZA, Benito
(Bermeo, Bizkaia , 1873  -  Bermeo, Bizkaia,  1953 )
Pintura. Bermeo (Bizkaia)

Benito Barrueta 1873ko martxoaren 21ean jaio zen Bermeon, Ertzilla dorrean, hain zuzen ere.
Aitak ebanisteria eta lanketako tailerra bertan zeukanez, dorrean eman zuen haurtzaroa.
Txiki-txikitatik, era guztietako artisautzen inguruko prestasuna eta zaletasuna erakutsi zuen.
1889an, pintura ikasten hasi zen Bilbon, Antonio María Lecuonarekin, eta, 1893an, soldadutza
egiteko asmoz Madrilera joan behar izan zenean, Pradoko Museora joan zen kopiak egitera, bai
eta Arte eta Lanbide Eskolara ere.
1894an, Bermeoko Udalak emandako bekari esker, bere prestakuntza artistikoarekin jarraitu
zuen.
1900. urtean, Parisera joan zen, bertan margotzen zutena ezagutu nahian, eta hamaika
urtez geratu zen, Bermeoko Udalak emandako bi mila pezetako urteko bekari esker.
Ordainetan, La bendición de la lancha margolana margotu behar izan zuen.
Parisen, Pablo Ruiz Picasso, Kees Van Dongen, Juan Gris, Francisco Durrio eta Juan de
Echevarría ezagutu zituen, eta 1907ko zein 1910eko Udazkeneko Erakusketan jarri zituen
ikusgai bere lanak. Bertan, Rue Ravignan eta Naturaleza muerta aurkeztu
zituen, hurrenez hurren.
1913an, Euskal Artisten Elkarteak Bilbon egindako erakusketan parte hartu zuen, eta, lanak
saltzean lortutako diruaz, berriro joan zen Parisera.
1914an, Munduko Lehen Gerra hastean, Benito Barrueta Bermeora itzuli zen, eta Udalak
marrazketako katedra eskaini zion Nautika Eskolan eta Arte eta Lanbide Eskolan. Handik
aurrera, Bermeon finkatu zen, eta, intimismo handiz, ingurune hurbila islatu zuen bere
pinturan: erretratuak, Bermeoko paisaiak, barrualde isilak eta hiriko bazterrak.
1921ean, Leandra Bilbaorekin ezkondu zen Bermeora, eta Talako etxean bizi izan zen.
Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Frantziara erbesteratu zen.
1940. urtearen inguruan, Benito Barrueta jaioterrira, Bermeora, itzuli zen, eta 1953ko
abenduaren 5ean hil zen arte, lanean jarraitu zuen bertan.