BARROETA ANGUISOLEA, Juan Francisco de
(Bilbao , 1835  -  Bilbao,  1906 )
Pintura. Bilbao

Juan de Barroeta y Anguisolea 1835eko urriaren 10ean jaio zen, Bilbon.
1950ean, hamabost urterekin, Madrilera joan zen bizitzera, eta San Fernandoko Arte
Ederretako Goi Eskolan ikasi zuen, Federico Madrazo erretratugile handia irakasle zuela.
Madrilen bizi izan zen bederatzi urteetan, arrakastarik gabe saiatu zen zirkulu akademiko eta
ofizialetan sartzen. Bi aldiz, 1855ean eta 1857an, Erromako barnetegiko plazarako oposiziora
aurkeztu zen, baina ez zuen plaza hori lortu.
1856an, Arte Ederretako Lehenengo Erakusketa Nazionalera aurkeztu zen, eta Hirugarren
Mailako Domina lortu zuen, La resurrección de Lázaro lanarekin. Ondoren, obra hori
Estatuak erosi zuen.
1859an, behin betiko itzuli zen Bilbora. Genero historikoa albo batean utzi eta erretratuan
zentratu zen; hori horrela, Bilboko pertsona nabarmenen enkargu ugari jaso zituen, bai eta
Alfontso XII.a infantearen eta María Cristina erreginaordearen enkarguak ere.
1873an, Bilboko Udalak Alegoría de la República pintatzeko enkargua egin zion, eta
1883an, Bizkaiko Foru Aldundiak Pedro de Egaña, Francisco de Lersundi eta Novia de Salcedo
politikarien erretratuak egiteko eskatu zion, beste zenbait lanen artean.
Genero horretan zeukan mailari esker, "bertoko Madrazo txikia" ezizena jarri zioten.
Erretratuekin batera, paisaiak ere egiten zituen, Carlos de Haes margolari belgikarraren
eraginez.
XIX. mendean Bilbon lanean egon zen artista urrietako bat da Juan de Barroeta, eta bere
irudietako asko mende amaierako Bilbori buruzko dokumentu interesgarriak dira.
Aldizkari ugaritan kolaboratu zuen, besteak beste, La Ilustración Española y Americana
izenekoan, Roberto eta Fausto operetarako dekorazioak egin zituen, eta
ekimen artistiko ugaritan hartu zuen parte; esate baterako, Monumentu Historiko eta
Artistikoen Batzordean, eta Errukiaren Etxean museoa egiteko proiektuan. Irakaslea izan zen
Arte eta Lanbideen Eskolan, 1906ko apirilaren 10ean hil baino urte gutxi batzuk lehenagora
arte.