URZAY IBARRA, Darío
(Bilbao, Bizkaia , 1958 )
Pintura, Fotografia. New York, Bilbao (Bizkaia)

Darío Urzayk 1977an hasi zuen prestakuntza artistikoa, Euskal Herriko Unibertsitatean.
Denborarekin, 1983 eta 1988. urteen artean, Prozedura eta Prozesuetako irakaslea ere izan
zen bertan.
1981ean, Kultura Ministerioko beka bat jaso zuen, eta, aldi berean, Arteder Bilboko Arte
Garaikideko Azokan hartu zuen parte, pop ingelesean inspiratutako lanekin.
Hurrengo urtean, saria jaso zuen Gasteizko Pintura eta Eskulturako V. Bienalean; Gure Artea
lehiaketan, berriz, accesita lortu zuen; eta Eusko Jaurlaritzak Sorkuntza Artistikorako beka
bat eman zion. 1983an, pinturako saria irabazi zuen Gure Artea lehiaketan, eta Artederren,
berriz, stand indibiduala aurkeztu zuen.
1988an, Londresera joan zen, Delphina Studios Trust Fundazioaren beka bati esker. Han, laster
bereganatu zuen Gerhard Richterren hiperrealismo metafisikoa. Ondoren, 1989an, Eusko
Jaurlaritzak berriz ere eman zion beka bat, New Yorkera joan ahal izateko. Hori horrela, ia
bost urtez egon zen han bizitzen. Itzuli zenean, Artelekuk ikasketa artistikorako antolatutako
tailerretan hartu zuen parte (1994an eta 1998an); gainera, bi beka ere jaso zituen: Banestok
artista gazteei emandakoa (1994) eta Arte Plastikoen Marcelino Botín Fundazioaren beka (1997).
Beti esperimentazioi zabalik, bere lanetan azaleren plastika ikertu zuen, bai eta teknika
desberdinak ere; besteak beste, inpresio fotografikoak, erretxinak eta bernizak erabili zituen.
Pigmentuak bota ohi ditu koadro gainera, mikroorganismoen itxura duten diseinu kaotikoak
lortuz.
Darío Urzayren ibilbidea euskal artearen belaunaldi berriko ibilbiderik berezi eta
ospetsuenetakoa da. Athletic Club taldearen 2004-05 denboraldiko UEFAko Kopako jantziak
diseinatu zituen, eta, 2005eko irailean, bigarren saria lortu zuen Pekingo II. Bienalean.
Gainera, Kalkografia Nazionalak ematen duen Arte Grafikoko Sari Nazionala ere eskuratu zuen.
Gaur egun, irudiaren eta prozeduraren arteko elkarrekintza perfektua ikertzen jarraitzen du,
betiere, ikuslearen zeregina kontuan izanik. Izan ere, ikuslea lan artistikoaren
konfigurazioaren funtsezko atala da.
Olioa, akrilikoa, erretxinak eta irudi digitalak nahasten ditu, edertasunez eta sedukzioz
betetako errepresentazio abstraktuak lortzeko.

Dario Urzay [2016ko azaroak 8].