BAROJA NESSI, Ricardo
(Minas de Río Tinto, Huelva , 1871  -  Bera, Nafarroa,  1953 )
Arte grafikoak, Pintura, Marrazketa. Bera (Nafarroa), Madril

Ricardo Baroja y Nessi 1871ko urtarrilaren 12an jaio zen Minas de Río Tinton (Huelva).
Haurtzaroan zein gaztaroan batetik bestera ibili behar izan zuen bere aita Serafin Barojaren
lan bidaiak zirela eta: 1872an Donostiara etorri ziren; 1879an berriro ere etxez aldatu ziren,
oraingoan Iruñeara. Han amaitu zuen Ricardok batxilergoa, eta hantxe izan zituen lehen
kontaktuak artearekin.
1886an, Madrilera bueltan, ingenieritza ikasketak hasi zituen Ingeniaritza Eskola
Politeknikoan, baina utzi egin behar izan zituen osasun arazoak zirela eta.
1888an, Madrilgo Artxibozain, Liburuzain eta Arkeologo Kidegoan sartzea lortu zuen, eta
1894an, Herri Administrazioko funtzionario legez lan egiten hasi zen: hasieran, Cáceresko
Ogasun Ordezkaritzako Artxibategian; gero, Bilboko Liburutegi Probintzialean. 1902an, ordea,
museologo plaza lortzea ezinezkoa izango zitzaionaz jabetuta, itxaropena galdu eta amore
eman zuen.
98ko belaunaldiko artistak eta intelektualak elkartu ohi ziren Kafeetara joaten hasi zen,
besteak beste, Valle Inclán, Azorín, Regoyos, Zuloaga eta Rusiñol. Margolari, grabatugile,
eskultore, marrazkilari zein asmatzaile autodidakta honek Arte Joven  izeneko
aldizkaria sortu zuen 1903an, Pablo Ruiz Picassorekin eta Francisco de Asís Solerekin batera,
baita aldizkariaren testugintzan eta irudigintzan parte hartu ere. Era berean, Nazioarteko Arte
Ederren Erakusketetara aurkeztu zen. 1906koan, ohorezko aipamena jaso zuen pintura
atalean, eta bigarren domina, grabatuen atalean.
1908koan, berriz, lehenengo domina lortu zuen grabatuen atalean.
1910ean, grabatugintzarekiko eta bildumagintzarekiko interesa sustatu nahian, Espainiar
Grabatugileen Elkartea sortu zuen, gizarte egoitza Madrilgo Kalkografia Nazionalean ezarri
zuelarik. 1928an, Arte Grafikoen Eskola Nazionaleko irakasle izendatu zuten.
Guda Zibila amaituta eta Madrilgo etxea birrinduta, behin betiko ezarri zen Beran (Nafarroa)
bere emazte Carmen Nonnérekin, bere anaia Píok 1912an erositako Itzea baserrian.
1931tik aurrera, literaturara dedikatu zen, auto istripuan eskuin begiko ikusmena galdu ostean
ezin baitzen akuafortean aritu. Zailtasun horiek tarteko, 1938an berriro ekin zion margotzeari,
oraingoan diru kontuengatik.
1935ean, Cervantes Literatura Saria irabazi zuen La Nao Capitana eleberriarekin.
1946an zinerako bertsioa moldatu zuten. Ondorengo urteetan bere literatur zaletasunari eutsi
zion: 1940an, La tribu del halcón eta El coleccionista de relámpagos
izenburuko liburuak; 1941ean, Pasan y se van; eta 1942an, El Dorado,
besteak beste.
1940az geroztik, eta bere heriotzara arte, urteroko eraskusketetan parte hartzeari ekin zion
berriz ere; besteak beste, Bartzelonako Layetana Galerietan, Madrilgo Macarrón Areto
Nagusietan, Bilboko Delsa Aretoan eta Donostiako Aranaz Darrás Aretoan.
1949an Gipuzkoako Arte Elkartea fundatu zuten, bere lehenengo presidentea Ricardo Baroja
izan zelarik.
Ricardo Baroja 1953ko abenduaren 19an hil zen Beran, mingaineko minbiziak jota, kritikaren
aintzatespena ondo irabazita eta inguratzen zutenen miresmenarekin. “Bere garaiko akuaforte
egilerik onena” eta “Goyaren ondorengo” bezalako kalifikazioak jaso zituen.