ZUMETA ETXEBERRIA, José Luis
(Usurbil, Gipuzkoa , 1939 )
Pintura, Marrazketa. Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa), Bilbao (Bizkaia)

José Luis Zumeta Usurbilen jaio zen 1939an. Nerabezaroan, Donostiako Arte eta Lanbide
Eskolara eta Gipuzkoako Artisten Elkartera joan zen, pintura ikasteko asmoz. 1958an, Urrezko
domina irabazi zuen Madrileko Gazteentzako Pintura Lehiaketan. Urtebete geroago, Parisera
joan zen, ikasketak osatzeko. Ondoren, Stockholmera eta Londresera ere bidaiatu zuen, eta,
bertan, zuzen-zuzenean ezagutu zituen garaiko artea eta abangoardia.
Gipuzkoara itzuli zenean, Remigio Mendiburu eskulturagilearekin jarri zen harremanetan, eta
erakusketen etapari eman zion hasiera. 1966an, Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen
honako hauekin batera: Amable Arias, Rafael Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida,
Remigio Mendiburu eta Jorge Oteiza. Une horretan ere, Euskal Pinturaren Saria jaso zuen.
1974tik 1976ra, erliebe zeramiko handiak egin zituen Usurbil, Pasai Antxo eta Zarautzerako.
Bere ibilbide piktorikoan, hasierako ez-formalismotik abstrakzio lirikorantz bilakatu zen,
baina
beti-beti adierazpen koloristari eutsi dio, 80ko hamarkadan figurazio karikatureskoa eta
kritika
sozialerako figurazioa jorratu zituenean ere. Intuizioz eta grinaz lan egiten du, eta,
beretzat, lan
bakoitza bere irudimena nahiz sormena irudikatzeko aukera berria eta erabateko erronka da.
José Luis Zumetaren pintura adierazkorra eta kolorista denez, Euskadiko espresionismo
abstraktuko margolari jatorrenetakoa da, bai eta euskal abangoardia artistikoaren garapena
ulertzeko funtsezko piezetako bat ere, Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi edo José Antonio
Sistiagarekin batera.