URRUTIA OLARAN, Jenaro
(Plentzia, Bizkaia , 1893  -  Bilbao,  1965 )
Pintura. Bilbao

Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan hasi zituen ikasketa artistikoak, eta, ondoren, Parisen eta
Erroman jarraitu zuen ikasten, Bizkaiko Diputazio Probintzialak emandako bekei esker.
1919an, Parisen egindako egonaldian, abangoardiako joera berriak ezagutu zituen, eta, une
hartatik aurrera, Paul Cézanne (1839-1906) izan zen bere erreferentzia nagusia. Erromara
heldu zenean, 1923an, Trecento eta Quattrocentoko artea ikasi zuen, eta, batez ere, maisu
handien freskoekiko erakarpena sentitu zuen.
Bere lanetan, tradizio italianizatzaileko klasizismoa eta modernitateko proposamen berriak
aplikatzen ditu, Aurelio Arteta (1879-1940) eta Daniel Vázquez Díazen (1882-1969) eragin
postcezanniarretik hurbil zegoen estilo pertsonala erabiliz. Era berean, kolore hotzak eta
figura geometrizatzaileak darabiltza. Bere pinturaren espiritua eta bertan jorratutako gaiak
direla eta (batez ere, eszena kostunbristak, paisaiak eta natura hilak dira),
noucentista katalanen aintzatespena lortu zuen.
Jenaro Urrutiaren ibilbide artistikoa beti egongo da Euskal Artisten Elkarteari lotuta. 1918tik
aurrera, maiz egin zituen erakusketak Elkartean, eta bertako ia jarduera guztietan hartu zuen
parte. Gainera, 1926 eta 1929. urteen artean, Elkarteko presidentea ere izan zen.
1925eko apirilean, Madrilgo Nancy Aretoan aurkeztu zuen bere lana, eta, urte bereko ekainean,
Artista Iberiarren Elkarteko Lehenengo Erakusketan hartu zuen parte, garai hartako beste
artista garrantzitsu batzuekin batera.
Gerra Zibilean, derrigorrezko parentesia egin behar izan zuen bere produkzioan, baina, hala
ere, Milizianoaren Umezurtzaren Etxearen dekorazioan kolaboratu zuen. Proiektu hori Isidoro
Guineak (1893-1947) sortu zuen 1936. urtearen amaieran, eta Bilbon zeuden artista askok ere
bertan hartu zuten parte. Gerra amaitu zenean, berriz ere bizi-bizi ekin zion pinturari eta
erakusketak egiteari, eta, garai hartan, horma-irudiak egin zituen, batez ere.