JAUREGI Koldobika
(Alkiza, Gipuzkoa , 1959 )
Eskultura, Pintura, Arte grafikoak. Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa), Düsseldorf (Alemania), Alkiza (Gipuzkoa)

Koldobika Jauregi artistarik osoenetakoa eta berebiziko erreferentea da, gaur egungo
euskal eskulturan.
Gipuzkoako Arte Elkartean hasi zen trebatzen Jesús Gallegorekin.
Bere ibilbide artistikoan hainbat sari eta aipamen irabazi ditu. Horietako bat izan
zen 1987an Gipuzkoako Foru Aldundiak Carrarara (Italia) joateko eman zion beka,
bertan, marmol zuri famatua landu zezan. 1990ean Zabalaga beka jaso zuen, Eduardo
Chillidak emanda, eta 1996an Düsseldorfera (Alemania) joan zen bizitzera Insel
Hombroich museoak gonbidatuta, Arte paralelo a la Naturaleza proiektu
kolektiboan parte hartzeko.
Koldobika Jauregik natura arte-espresio bihurtzeko ahalegina egiten du bere lanetan,
eta, horretarako, material eta teknika askorekin lan egiten du (egurra, burdina,
harria, xilografia, collagea, eskultura...).
Figurazioaren eta abstrakzioaren artean ibili da hasieratik, baina, betiere, saiakera
poetikoen espresionismo nabarmenarekin. Horrek modelatu ditu bere eskulturaren
ezaugarri diren forma monumentalak.
Azken lanetan espiritualitatea transmititzea lortu du, bere sormenaren eta prozesuaren
arrazoi gisa.
Erakusketa askok eta askotariko proiektuek osatu dute artistaren proiekzio nazionala
eta internazionala. 2003an, Fuerteventurako Cabildoarentzat Homenaje a Chillida
eskultura-multzoa egin zuen, eta, oraintsuago, Guggenheim Bilbao Museoak 
Asedio I izeneko bere lana eskuratu du, aurretiaz enkargatu baitzion.