HUERTA AYUSO, Moisés de
(Muriel de Zapardiel, Valladolid , 1881  -  Mérida, Badajoz,  1962 )
Eskultura. Bilbao (Bizkaia), Madril

Moisés de Huerta, XX. mende hasierako euskal eskultorerik aipagarrienetakoa, Muriel de
Zapardielen (Valladolid) jaio zen, 1881ean. Hurrengo urtean, bere familia Bilbora joan zen
bizitzera, eta hantxe garatu zuen bere jarduera artistiko osoa.
1893an, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan matrikulatu zen, marrazkiak eta modelatuak egiten
ikasteko. Valladolideko eta Bizkaiko Aldundiek beka bana eman zioten, eta, horiei esker,
Madrilen ikasten jarraitu ahal izan zuen. 1906an, Erakusketa Nazionalera aurkeztu eta saria
lortu zuen, eta, urtebete geroago, Parisera bidaiatu zuen, abangoardia europarra ezagutzeko
asmoz.
Berriz ere Bilbon, Gasteizko Katedral Berriaren eraikuntzan hartu zuen parte, eskultore gisa.
1909an Erromako Akademia Espainiarraren pentsioa lortu zuenean, hantxe geratu zen 1914ra
arte. Une hartatik aurrera, klasizismoa eta errealismoa izan ziren bere eskulturen oinarri
estetikoak. Auguste Rodinen lanaren eragina ere izan zuen, eta, hain zuzen ere, Rodin bera
ezagutu ahal izan zuen, pentsioa jaso zuen denboran egindako bidaietako batean.
Italiatik bueltatzean, bere eskultore-ibilbideko garairik bizi eta oparoena hasi zuen. Enkarguz
eta aintzatespenez betetako garaia izan zen, eta, 1924an, Arte Ederretako Erakusketa
Nazionaleko eskultura saileko presidente izendatu zuten. Gainera, monumentu ugari egin zituen
Espainian eta Kuban, eta, 1929an, Sevillako Erakusketa Iberoamerikarrean hartu zuen parte.
Gerra Zibilaren ondorioz, bere produkzioak behera egin zuen, eta, 1940an, San Fernandoko
Arte Ederretako Akademiako katedradun izendatu zuten. Ondoren, bertako akademiko ere izan
zen. Izendapen horien ondorioz, Madrilera joan behar izan zen bizitzera, eta, han, irakasle
aritzeaz gain, monumentuak egin zituen enkarguz, Méridan (Badajoz) hil zen arte, 1962an.