AMEZTOY OLASAGASTI, Vicente
(Donostia , 1946  -  Donostia,  2001 )
Pintura. Billabona (Gipuzkoa), Donostia

Vicente Ameztoy Olasagasti 1946ko urtarrilaren 30ean jaio zen Donostian. Nerabe zelarik,
marrazketa  eta pintura ikasketak hasi zituen Ascensio Martiarena maisuarekin. Gero, epe labur
batez, San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolan egon zen, Madrilen.
Oso gaztetatik hasi zen erakusketetan eta lehiaketetan parte hartzen. Bere lehen erakusketa,
alegia Exposición de los 10, 1960an egin zuen, artean 14 urte zituela;
1967an, oraingoan bakarrik, Donostiako Barandiaran galerian aurkeztu zuen bere lana.
Ordurako, hainbat lehiaketatan parte hartua zen, eta makina bat sari lortua ere bai: 1962an,
ohorezko saria lortu zuen Donostiako XII. Gabon Lehiaketan, eta lehen saria Parisko
Bienalerako euskal margolarien hautaketa saioetan; 1967an, berriz, bigarren saria lortu zuen
Donostiako III. Euskal Pintura Sari Nagusian, etab.
70eko hamarkadan, bere erakusketetan parte hartzen jarraitu zuen.
Bere obrak ametsen mundua islatzen du. Eszenatokia izadia da, eta giza irudiaren ezaugarriak
nabarmenarazten ditu landareen bidez.
70eko hamarkadaren amaieran hainbat azal eta irudi marraztu zituen Euskadi Sioux
aldizkarirako eta Zeruko Argia aldizkarirako. 80ko eta 90eko hamarkadetan, berriz,
erakusketak egiten jarraitu zuen noizean behin. Bere erakusketarik osoena Karne &
Klorofila izeneko erretrospektiba izan da, Donostiako Artelekuk 1990ean antolatutakoa.
1990ean, Julio Medem zine zuzendariaren Vacas filmaren zuzendaritza artistikoan
esku hartu zuen, eta 1991n, Agerre antzerki taldeak antzeztutako Pantzart
pastoralaren jantziak eta eszenografia diseinatu zituen.
1993tik 2000. urtera arte, buru belarri aritu zen Bastidako (Araba) Erremelluri Andre Mariaren
baselizaren horniketa egiten, non egonaldi luzeak pasa zituen santoral bat eta paradisu bat
margotzen.
Vicente Ameztoy Donostian hil zen 2001eko azaroaren 6an.