AMÁRICA MEDINA, Fernando de
(Vitoria-Gasteiz , 1866  -  Vitoria-Gasteiz,  1956 )
Pintura. Vitoria-Gasteiz

Fernando de Amárica 1866ko ekainaren 1ean jaio zen Gasteizen, eta Vidal de Amárica y
Otazuren eta Nicolasa Medina y Monteroren semea zen. 11 urte zituela, lehen
marrazketa-eskolak jaso zituen Gasteizko Arte eta Lanbideen Eskolan.
1882tik 1887ra, zuzenbidea ikasi zuen Valladoliden, baina inoiz ez zuen lanbide
horretan jardun. Gasteizera itzuli zenean, Ignacio Díaz de Olano margolaria ezagutu
zuen. 1895ean, Erromara joan zenean, margolari horrekin partekatu zuen estudioa. Hiri
horretan, Nazioarteko Arte Zentroko pintura-eskoletara joan zen, eta, 1898an,
Madrilera joan zen. Bertan, hiru hilabetez joan zen Joaquín Sorollaren eskoletara.
1900. urtean, lehen aldiz joan zen Parisera, eta, bertan, Anglada Camarasa bezalako
margolariak ezagutu zituen. Hiri horretara egindako bidaietan, 1928an eta 1934an,
museoak eta erakusketak ikustea izan zuen helburu nagusi.
1903an, Gasteizko Arte eta Lanbideen Eskolako Zuzendaritza Batzordeko kide izendatu
zuten, eta, 1937an, bertan behera utzi zuen kargu hori. Jendaurrean oso gutxitan
agertzen zenez eta zentro artistikoetatik urruntzen zenez, ulergarria da bizitza
artistiko osoan zehar banan-banako hiru erakusketa bakarrik egin izana.
1939an, Amárica Fundazioa eta Fernando de Amárica Galeria sortu zituen Gasteizen.
Bertan, hain zuzen ere, fundazioari dohaintzan emandako lanak jarri zituen ikusgai.
1945ean, ohorezko bazkide izendatu zuten Madrileko Udazkeneko Azokan; eta 1952an,
Arabako Elkarte Artistikoko ohorezko presidente.
50eko hamarkadan, literaturaren inguruko interesa piztu zitzaion, eta prosan egindako
lanak dira horren adierazgarria: ¿Como murió el General Urbistondo?, Cosas de
Zuloaga, De mi molino. Literaturari ekin zionez eta ikusmen-arazo larriak
zituenez, pintura alde batera utzi zuen, harik eta 1956ko azaroaren 6an hil egin zen
arte.