ALCALÁ-GALIANO VILDÓSOLA, Álvaro
(Bilbao , 1873  -  Paracuellos del Jarama, Madril,  1936 )
Pintura. Madril

Álvaro Alcalá-Galiano Vildósola Bilbon jaio zen 1873an, familia entzutetsu batean.
1889an ekin zion trebakuntza artistikoari, Antonio María Lecuona eta Adolfo Guiarden
gidaritzapean. 1892an familia Madrilera aldatu zen, eta, han, ikasten jarraitu zuen
José Jiménez Arandarekin eta, gerora, Joaquín Sorollarekin. XX. mendeko lehen urteetan
Bretainia eta Herbehereetan zehar bidaiatu zuen, eta, han, itsasaldeak, paisaiak eta
eszena tradizionalak margotu zituen. Gerora, gai horiek izango zituen kutunenak.
Halaber, une hartan nazioarteko hainbat lehiaketatara aurkeztu eta zenbait sari
eskuratu zituen.
Álvaro Alcalá-Galianok modu aktiboan parte hartu zuen Euskal Herriko eta Espainiako
kultur eta arte mugimenduan. 1915ean Margolari eta Eskultoreen Espainiako Elkarteko
presidente izan zen, eta Unión de Artistas elkartearen –egungo SGAEren jatorria–
sortzaileetako bat izan zen Madrilen, 1925ean. 1903an Bizkaiko Foru Aldundiko Tronu
Aretoko sabaia margotu zuen, eta Bilboko Arte Ederren Zirkuluaren eta Ateneoaren
bultzatzaile eta sortzaile izan zen. Ohorezko hainbat kargu garrantzitsu izan zituen;
esate baterako, Alfontso XIII.a erregearen Asteko Maiordomo eta Karlos III.aren
Ordenako Kide izan zen, eta Errege Estimuko Kondearen titulua ere izan zuen.
Juan de Eguía ezizenez, gai artistikoen gainean idatzi zuen eta margotzen jarraitu
zuen, nekaezin, eta erakusketetara aurkeztu zen Gerra Zibilak eztanda egin zuen arte.
Atxilotu eta kartzelatu egin zuten, eta, azkenean, Paracuellos del Jaraman (Madril)
fusilatu zuten 1936ko azaroaren 27an.
Álvaro Alcalá-Galianok, bere ibilbide artistikoan zehar, irudigintzako genero, teknika
eta formatu guztiak garatu zituen, tradizioaren eta modernitatearen bitartean,
betiere. Haren lanak harrigarriak dira osaeran duten orekagatik, eta modelatze ezin
hobea izateagatik; horrez gain, paleta iluna erabili arren, argitasunarekiko interesa
nabari zaio.
Álvaro Alcalá-Galiano funtsezko pertsonaia da euskal artean, XX. mendeko lehen
hamarkadetan, kulturaren eta irudigintzaren alorrean egin zituen ekarpen eta
berrikuntzengatik.